Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin hitz egiteko eskatu dio Urkulluk Madrili

Lehendakariak dio EAEko eztabaida «autogobernuari» buruzkoa dela.

Sortuk eskua luzatu die jeltzaleei, elkarrekin «bide berri bat partekatzeko»

Erredakzioa -

2014ko irailak 13
Kataluniako Diadaren oihartzuna ez da isildu. Ozen entzuten da oraindik, baita Euskal Herrian ere. Bartzelonan galdeketaren alde egindako mobilizazio erraldoiaren biharamunean mintzatu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Destuko Unibertsitatearen 2014-2015eko ikasturtearen hasieran. Urkulluren ustez, ostegunean Diadaren ospakizunean ikusitakoak erakusten du katalanek beren «etorkizun politikoa bide demokratikoen bidez erabaki nahi» dutela. Haren esanetan, Kataluniako Gobernuak ateak ireki dizkio elkarrizketa akordioari, eta, hori dela eta, Espainiako Gobernuak ezin du atea «erabat itxita mantendu».

Madrilera begira jarri da lehendakaria, Espainiako Gobernuari «elkarrizketaren ateak irekitzeko» gonbita egiteko. Kataluniako eta Euskal Herriko gatazkak konpondu nahi badira bi gobernuekin hitz egin beharko duela esan dio Urkulluk Rajoyri. Hala, PPri ohartarazi dio ezin duela luze jarraitu Kataluniako eta EAEko gobernuen erabakiei muzin egiten, eta badela garaia elkarrizketari bide emateko.

Nolanahi ere, Kataluniako prozesuarekiko distantzia jartzen saiatu da Urkullu, eta azpimarratu du autogobernuari buruzkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen eztabaida. Haren hitzetan, EAEn eztabaida autogobernua errespetatzea da: «Eztabaidaren muina hitzartutako autogobernuaren errespetua da, eta baita hura urratzen dela eta sakontzeko beharra dagoela ere». Bidegurutzean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, haren ustez: «Inposatutako subiranotasunean edo partekatutako subiranotasunean dago gakoa; azken hori akordioa, negoziazioa, elkarrizketa eta berrespenaren bidez etorriko da». Arazoei irtenbide politikoa ematea agintarien esku dagoela iritzi dio, eta berretsi du «negozioaren eta hitzarmenaren bideari» eutsiko diola.

Kataluniako prozesuarekiko aldeak azpimarratu ditu, halaber, Itxaso Atutxak, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Atutxaren ustez, «bi nazioen» arteko desberdintasunak badira, eta horregatik ohartarazi du EAJk ez duela «Euskadi amildegira» eramango. Euskadiren erronka Europan nazioa izatea dela esan du, baina bide horretan ez dela «presarik» izan behar argi utzita. Hala, aurretik akordioak lortzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. «Erritmo kontuak dira, ez dugu presarik izan behar, herrialdea ongi eraiki behar dugu, eta, horretarako, gizartearen adostasun zabalena lortu behar dugu, oinarri sendoen gainean».

Madrilekin akordioa lortzea ere garrantzitsua dela azpimarratu du Atutxak. Kataluniako eta Euskal Herriko aldarrikapenak bide demokratikoetatik egitea defenditu du, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortuta.

Sorturen mezua EAJri

Sortuk, berriz, EAJri bidali dio mezua, Madrilera begiratzeari utzi, eta akordioak Euskal Herrian lor ditzan. «EAJk jarraitzen du Madrilera begira, handik inoiz iristen ez diren erantzunak eskatzen, eta Madrili eskaerak egiten ibilita ez da ezer onik etorriko». Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak eskua luzatu die jeltzaleei, elkarrekin «bide berri bat partekatzeko».

Barrenak argi dauka Euskal Herriko auzia ez dela konponduko Moncloan PSOE egonda: «Ez da PPren edo PSOEren arteko kontu bat, biek oso jarrera antzekoak dituztelako euskal errealitateari begira». Madrilera begiratzeari utzi, eta, gehiengo abertzalea baliatuta, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urratsak elkarrekin egitea proposatu dio Sortuko eledunak EAJri.

EH Bilduk, bere aldetik, Kataluniako eredua Euskal Herrira ekartzea proposatu du, «erabakitzeko eskubidea ukatzen dituzten erasoei irmo erantzuteko». Taldeak ohar batean ohartarazi du estatuaren «egoskorkeriak» aukera bakarra uzten duela: «Burujabetzaren aldeko euskal bideari ekitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna