Oinarri «oso onen» gainean adostu dute Udal Legearen aurreproiektua

Erkorekaren esanetan, «euskal instituzio guztien elkarlanaren» emaitza da.Udalei autonomia eta eskumen gehiago emango ei dizkie legeak

Josu Erkoreka eta Estefania Beltran de Heredia, atzo. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Udal Legearen aurreproiektuaren zertzelada nagusiak aurkeztu ditu; oinarriak adostu dituen seinale. «Oso ona» da zirriborroa, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, eta, gainera, «euskal instituzio guztien elkarlan eta leialtasunaren adierazgarri» da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen «konpromiso eta lanaren» ondorio da aurreproiektua, eta, Erkorekaren esanetan, «euskal instituzioen arkitektura osoa» osatzen lagunduko du. Gustura azaldu da, beraz, lortutakoarekin.

Eragiteko ahalmena

Udalek historikoki eskatu duten bezala, Finantzen Euskal Kontseiluan iritzia emateko eta bozkatzeko aukera emango die legeak, aurreproiektuaren arabera. Baita Zergen Koordinaziorako Organoan ere, zergetatik jasotako diruaren banaketak zuzenean eragiten dienean.

Hala, udalek eragiten dieten gaien inguruko foru arauak zein erkidegoko legeak egiteko prozesuetan aktiboki parte hartu ahalko dute, bai eta zuzenean eragingo dieten politika publikoen lanketan ere. «Bere autogobernua indartuko da, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan kalterik izan gabe».

Bederatzi izenburu eta 110 artikulu dituen zirriborro horrek udalei «asmo handiko eskumenak» ematen dizkiela azaldu du Erkorekak. Espainiako Gobernuak iazko abenduan onartu zuen Tokiko Administrazioa Arrazionalizazio eta Iraunarazteko Legea baino askoz eskuzabalagoa dela zehaztu du; areago, Espainiako legeak udalei ekarriko dizkien murrizpenen eragin kaltegarria malgutu egingo duela dio.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei 37 eskumen emango dizkie Jaurlaritzako bozeramaileak iragarritako legeak; besteak beste, larrialdi eta babes zibilerako lanak, babes publikoa duten etxebizitzak, zirkulazioa, gizarte zerbitzuak, turismoa, enplegurako plan lokalak, berdintasun politikak, eta abar kudeatzeko ahalmena. Eskumenak legebiltzarreko legeek edo foru arauek zehaztu beharko dituzte, eta memoria ekonomikoa izan beharko dute.

Euskara sustatzeari begira, artikulu bat badu proposamenak. «Euskara, gaztelania bezala, zerbitzu eta lanerako ohiko hizkuntza izango da». Herritarrek udal administrazioetan erabili nahi duten hizkuntza modu eraginkorrean aukeratu ahal izatea da helburua, baita seinale zein iragarki publikoetan elebitasuna bermatzea ere. Halaber, herritarren parte hartzerako zein instituzioen gardentasunerako neurriak ere baditu lege proiektuak.

Zirriborroa aurkeztu eta ekarpenak bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak irailean onartuko duela aurreikusten du Jaurlaritzak. Ondoren, udazkenean igorriko litzateke Eusko Legebiltzarrera, hark behar bezala tramita dezan.

Gipuzkoako foru araua

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bera ere lantzen ari dela «udalen autonomia murrizten duen Espainiako legearen eragina gutxitzeko» foru araua. Diputatuen Kontseiluak atzo adostu zituen proiektuaren oinarriak.

«Espainiako Estatuan ezarriko den Tokiko Administrazioa Arrazionalizatzeko eta Iraunarazteko Legeak udalen gaineko kontrola eta zentralismoa areagotzen du eta bidea zabaltzen dio zerbitzuen pribatizazioari», azaldu du Larraitz Ugartek, aldundiko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.