Urrats bat aurrera

Berriz Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du Laura Perezek. Telebistan eztabaidatzera deitu ditu lehiakideak

Irene Otal, Laura Perez eta Jose Ramon Urtasun, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Zalantzak izan ditu, baina, azkenik, urrats bat aurrera egitea erabaki du. Laura Perez Ahal Dugu-ko egungo idazkari nagusiak uste du talde sendoa duela atzean, eta hurrengo idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen atzo. Alboan bere taldeko Irene Otal eta Jose Ramon Urtasun izan zituen. Oraindik ez dago argi nor izango duen aurrez aurre lehia horretan, baina Perezek lehen mugimendua egin du jada, eta erronka bota die: «Proiektuari buruz eztabaida izatera dei egiten diet. Bide hau aukeratzen dugu, uste baitugu garrantzi handikoak direla aurrean ditugun erronkak».

Iragan apirilaren 11tik barne prozesuan murgildua dabil Nafarroako Ahal Dugu. Datorren asteko maiatzaren 2an jakingo dira ofizialki hautagaitzak. Berriki, martxoak 20 izeneko agiria aurkeztu zuten alderdiko ehundik gora militantek, eta, horien artean, alderdiko aurpegi ezagunak daude, hala nola Ainhoa Aznarez Parlamentuko lehendakaria, Eduardo Santos diputatua eta Xabier Fernandez Oregi Antolamendu idazkaria. Litekeena da euretako batek hautagaitza aurkeztea. Atzo, Perezek euren proposamena aurkezteko eskatu zien. Ahal Dugu-ko egungo idazkari nagusiak uste du hautagaitza kolektiboa izango dela.

Asmo handiko agertu da Perez, eta nabarmendu du 2019ko hauteskundeetan Nafarroako Gobernura heltzea duela lehentasun. «Helburua da enplegua sortzea, pentsioak defenditzea, hezkuntza, osasuna, ikerketa eta garapena... funtsean, Ongizate Estatua indartzea». Enpleguari garrantzi berezia eman dio, eta nabarmendu du laugarren industria iraultzaren ondorioei aurre egin behar zaiela eta mehatxuak aukera bihurtu behar direla, batez ere gizarteko sektore ahulenengan pentsatuz. «Aurrerapenak pertsonen zerbitzura egon behar du, eta ez eliteen alde».

Batzar irekiak

Era berean, Perezek bere egiten du «Pablo Iglesiasen proiektu politikoa». Barne prozesuan idazkari nagusia hautatzeaz gain, Nafarroako Ahal Dugu-k antolamendua berrituko du, tartean organo gorena, Herritarren Kontseilua. Perezek proposatu du «gutxienez hiru hilean behin» herritarrei irekia egongo den batzar ireki bat antolatzea, eta horren bidez alderdiaren lehentasun eta ekintza politikoa ezartzea.

Martxoak 20 adierazpenak lerro artean haren gestioa kritikatzen du, baina Perezek ez du uste kritikak berarengana zuzendu behar direnik. Haren irudiko, orain irekiko den eztabaidan pertsonalismoak alde batera utzi behar dira, eta proiektu politikoaz hitz egin behar da. Alde horretatik, adierazpenaren edukia bere egiten du: «Ahal Dugu osatzen dugun guztiok bat egin dezakegu adierazpen horrekin». Era berean, berretsi du galduz gero bere konpromisoa Ahal Dugu-rekiko dela. «Hartzen diren erabakiak onartuko ditut», gaineratu du.

Aurreko bi urteetako lana «bizia» izan dela deritzo. «Balantzea ona da, nahiz eta bere argi-ilunak izan». Era berean, laukoaren inguruko analisi «gazi-gozoa» egin du. Azken polemikari begira, Polizien Foru Lege proiektuaren inguruan osoko zuzenketa bultzatuko duela dio, baldin eta sindikatuekin negoziatzen ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.