Zulueta eta Enparantzaren egoera gogorra salatu dute Europako abokatu taldeek

Haien eskubideak errespetatzeko eta aske uzteko eskatu dute ELDHk eta AEDk.Abokatuei eta beste zazpi laguni auzipetzea jakinarazi diete

Zenon, 2010. urtean, abokatuen aurkako operazioa salatzen. M. RAMIREZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Preso dituzten Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak haien auzipetzea jakinaraztera Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dituzten egun berean, Europako abokatuen bi elkartek gogor salatu dute haien egoera: abokatuen jazarpena, atxiloketa, espetxeratzea eta kartzelan jasaten ari diren muturreko egoera. AED eta ELDH elkarteek kaleratu duten mozioan, bi abokatu horiek eta Jose Campo abokatua askatzeko eskatu dute.

Zuluetaren eta Enparantzaren egoerak bereziki salatu dituzte. Ohartarazi dute «muturreko bakartze» egoeran dituztela: Zulueta Euskal Herritik 980 kilometrora eta Enparantza 410 kilometrora. «Zulueta bakarrik dago, eta beste presoekin ez du harremanik. Egunean lau orduz atera daiteke 15x5 pausoko neurria duen patiora», dio mozioak. «Gorputz osoko miaketak egiten dizkiote egunero, eta, sarri, ziega hankaz gora jartzen diote; telefono deiak funtzionarioek arbitrarioki erabakitzen dutenean egin ditzake, beti haien aurrean. Egoera erabat irregularra da, ofizialki duen erregimenaren aurkakoa».

«Ziegan bi liburu soilik izan ditzake, eta arropa pixka bat», salatu dute. «Bere gauzak atxikita dauzka, baita gutunak ere; behin irakurrita, itzuli egin behar ditu». Zuluetari hori guztia gertatzen ari zaiola ohartarazi dute. «Enparantzaren egoera ere bera da».

Horrek guztiak presoei «atzera bueltarik gabeko eragina» ekarri ahal diela esan dute; haien «osotasun fisiko eta mentalari» kalte egin diezaiokeela. Preso epaitu gabe izateak errugabetasun presuntzioa urratzen duela salatu dute.

Abokatuen aurkako jazarpenaren barruan kokatu dituzte neurri horiek Europako abokatuek, eta «kezkatuta» agertu dira abokatuen aurkako beste polizia operazio bat iragartzen duten filtrazioak direla eta.

Hori guztia ikusirik, abokatuen atxiloketak arbitrariotzat jo daitezela eta berehala aska ditzatela eskatu dute.

Bestalde, Giza Eskubideen Behatokiak kexua aurkeztu du Nazio Batuen Erakundean. Bidegabeko Atxiloketen inguruko Lantaldean salatu ditu abokatuen espetxealdiak, 2010ean, operazioa egin zenean, egin zuen bezala.

Auzitegi Nazionalean

Auzitegi Nazionalera eraman zituzten atzo Zulueta eta Enparantza, haien auzipetzeen berri emateko. ETAren «espetxeetako fronteko» kide izatea egotzita auzipetu ditu Javier Gomez Bermudez epaileak, 2010. urtean espetxera eraman zituzten operazioaren harira. Baita Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izatea egotzita espetxe zigorra betetzen ari den Julen Zelarain ere. Naia Zuriarrain, Joxe Domingo Aizpurua, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondo ere izan dira deklaratzen, eta Etxerat-eko kide zen Saioa Agirre ere bai. Halboka taldearen bidez presoak «kontrolatzea» egozten die epaileak.

Epaileak auzipetzeen berri emanda, akusatuek esan dute ez daudela ados. Horien defentsa egiten ari da Alfontso Zenon abokatua, eta auziaren «zentzugabekeria» salatu du. Auzitegiak akusazio berarekin bi auzi berezitu martxan dituela ohartarazi du, eta hori ez dela zilegi. «Zulueta eta Enparantza, esaterako, bi prozedura paralelotan dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.