Urkijok Uemako beste sei udalen aurka jo du, aktak euskaraz bidaltzea egotzita

Babesa eskatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, euskararen aurkako beste «eraso» bat delakoan.

Gaur Hakobaren bileran, aztergai
Uema eguna, iragan ekainaren 14an, Tolosan.
Uema eguna, iragan ekainaren 14an, Tolosan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2014ko abenduak 16
Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondo. Gipuzkoako sei udalerri horietako udalen kontrako helegiteak aurkeztu ditu Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok: izan ere, leporatzen die euskaraz igortzea udal erabakiei buruzko aktak. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira udal guztiak, eta ohar bat plazaratu du erakundeak, kritiko erabakiarekin, eta sostengua eskatzen: «Behar-beharrezkoa da euskararen aurkako eraso hauek lehenbailehen gelditzea. Euskararen normalizaziorako lana baldintzatu eta oztopatzen dute».

Hau ez da hizkuntza irizpideen harira Urkijok instituzioen aurka egiten duen lehenbiziko errekerimendua. «Helegiteek ez dute etenik», ohartarazi du Uemak. Horien inguruan Eusko Jaurlaritzak «babesa» agertu badu ere, horrekin ez dela aski nabarmendu du du mankomunitateak. «Babes horrek praktikan ez du inolako eraginik, eta helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira. Horiek horrela, kezka nagusitzen ari da bai Ueman, eta baita udaletako ordezkarien artean ere». Gaur, Eusko Jaurlaritzak deituta, Herri Aginteen Arteko Koordinaziorako Batzorde Hakobak batzarra egingo du, eta helegiteon harira hartu beharreko jokabidea zehazteko eskaria egingo diote bertan Jaurlaritzari.

Uemako lehendakari Maren Belastegik nabarmendu du helegiteak jasotzen ari diren udal asko txikiak direla, eta benetako arazo iturria dela Urkijoren portaera; gainditzen zaila. «Hainbat udalek ez dute epaitegietako gastuei aurre egiteko baliabiderik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna