1.500 onuradun izango ditu Gipuzkoako gizarteratze plan berriak

2016rako 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu du aldundiak Elkar-Ekin planarentzat. Hainbat elkarterekin lankidetza protokoloa sinatu du

2016ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Muturreko bazterketa «kronifikatzeko arriskuan» dagoela iritzita, Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar-Ekin 2016-2020 gizarteratze plana aurkeztu zuen atzo. Bazterketa egoeran nahiz arriskuan dauden pertsonak lan munduan murgiltzea da helburuetako bat, eta lehen urtean 1.500 onuradun inguru izatea espero du aldundiak. «Gipuzkoa ezberdintasun gutxien duen lurraldea izatea nahi dugu; hori lortu nahi du plan honek», azaldu zuen Markel Olano ahaldun nagusiak. Horretarako, lankidetza protokolo bat sinatu zuten Gipuzkoako hainbaterakunde eta elkarterekin: «Elkarrekin aktibatu nahi dugu gizarteratzeko agenda».

Apirilean jakinarazi zuen aldundiak DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza bertan behera utziko zuela, eta Elkar-Ekin plana abiaraziko zuela. «Errealitatearen analisia egiteko» ebaluazio zerbitzu bat martxan jarriko du urrian. Hala, pertsona bakoitzaren egoera zein den ikusi, eta erantzuteko baliabideak prestatuko dituzte. Olanok azaldu duenez, 2016rako 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu dute.

Bost helburu nagusi

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak planaren bost helburu nagusiak azaldu ditu: gizartetik baztertuta dauden pertsonen arreta hobetzea; pertsona horiei lan aukerak ematea; kohesio eta aktibazio inklusiboko proiektuak bultzatzea; gizarte babeserako sarea osatzen duten eragileekiko koordinazioa sendotzea; eta gipuzkoarren babesa lortzea, sentsibilizazioaren bidez. «Gizarteratze soziolaborala da xedea. Zenbat eta inklusio gehiago, orduan eta ezberdintasun gutxiago izango dugu», azaldu du Olanok.

Protokoloa sinatu dutenen artean daude Eusko Jaurlaritzako Lanbide eta Hezkuntza Saila, Donostiako Udala, Peñascal kooperatiba, Sartu eta Deustuko Unibertsitatea. Baita Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta beste hainbat elkarte ere: Caritas, Emaus, Gureak, Gurutze Gorriak eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioa. Peñak ziurtatu du «plan bizia» izango dela eta ekarpenei «irekia» egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.