Espainiara itsasoz iritsitako etorkin kopurua hirukoiztu egin da iaztik hona

IOMen arabera, Greziarako iheslari jarioa asko apaldu da, eta Italiarakoak eutsi egin dio, aurtengo eta iazko lehen zazpi hilabeteak konparatuta

Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Argigarria da IOM Migrazioen Mundu Erakundeak atzo plazaratutako datua: iazko lehen zazpi hilabeteetan Espainiara, itsasoz, 2.476 iheslari heldu ziren, eta, aurten, epe berean, 8.385; kopurua gutxienez hirukoiztu egin dela, alegia. Italiara, 100.328 ailegatu ziren joan den urteko lehen erdian, eta, aurten, 96.861. Azken kopuru hori bere horretan mantentzen da ia, nahiz eta Italiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen aurtengo ekain eta uztail artean %50eko jaitsiera gertatu dela hango kostaldera heldutako iheslari jarioari dagokionez: 23.524 ekainean, eta 11.459 uztailean.

Nabarmen jaitsi da, aldiz, Greziara itsasoz heldutako errefuxiatu kopurua. 2016an, 161.232 izan ziren, eta, aurten, 12.191. Eta horretan zerikusi handia eduki du iazko martxoan Turkiak eta EB Europako Batasunak egindako akordioak. Izan ere, Greziako mugaldea hermetikoki itxita dago, eta, hortaz, Europara ailegatzeko, erdiko eta mendebaldeko Mediterraneoko zeharkaldiak erabiltzen dituzte errefuxiatuek. Batetik, datuak bereizita, eta, bestetik, argazki orokorra: itsasoz Europara iristen, 264.381 pertsona ahalegindu ziren iazko lehen zazpi hilabeteetan, eta, aurten, horren erdia ere ez: 117.795. Hildakoei edo desagertutakoei dagokienez, 3.194 iaz, eta 2.408 aurten.

Erdiko Mediterraneoko zeharkaldian zera gertatu da: Libiak neurriak gogortu dituela, EBren eta Italiaren laguntzarekin. Herenegun bertan, Libiako itsas armadak iragarri zuen baimenik gabeko atzerriko ontziei haien uretan sartzea debekatuko diela. Horrek, beraz, hango kostaldean erreskate lanetan dabiltzan GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana are gehiago zailduko du.

GKEentzako protokoloa

Libia eta Italia artean, Siziliako kanalean, migratzaileak erreskatatzen dabiltzan hamabost GKEen jokabidea arautzeko hamahiru puntuko protokolo bat onartu zuen Italiako Barne Ministerioak duela bi aste, EBren oniritziarekin. Puntuetako batek dio ezin dutela Libiako uretan erreskaterik egin, «egoera larrietan salbu». Tripulazioak eta ontziak betebeharreko gutxieneko teknikoez ere mintzo da protokoloa, eta GKEak gonbidatzen ditu haien finantza iturrien berri ematera. Beste puntu batek piztu du polemika. Izan ere, ontzian, GKEetako kideekin batera, armatutako polizia batek joan beharko du. Save The Children, MOAS, Proactiva Open Arms eta Sea Eyek sinatu dute protokoloa, eta MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak, Sea Watch-ek eta Jugen Rettet-ek uko egin diote. Loris de Filippi Italiako MSFko presidentearentzat, gobernuak GKEen lana «kriminalizatu» nahi du. 2018an sartuko da protokoloa indarrean, eta Erromak ohartarazi du sinatzen ez dutenek ezin izango dutela erreskaterik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.