PSOEk proposamena egin du Memoria Historikoaren Legeak dioena betearazteko

Erorien Haranetik Franco diktadorearen aztarnak erretiratzea da eskari bat. Legea betetzeko «borondaterik eza» egotzi die PPko buruzagiei
Erorien Harana, artxiboko irudi batean.
Erorien Harana, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE

Arantxa Iraola -

2017ko abenduak 5
Toki esanguratsu bat hautatu zuen atzo PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek Memoria Historikoaren Legearen erreforma proposamena aurkezteko: Paternako hilerria, Valentzian, Herrialde Katalanetan, bertan 2.300 lagun inguru fusilatu baitzituzten frankismo garaian. Erreforma proposamenarekin, legeak dioena «bermatzeko» neurriak hartzea nahi dute, eta hainbat eskari zehatz adierazi dituzte. Esaterako: Erorien Haranetik Francoren aztarnak ateratzea eta han memoria historikoa lantzeko zentro bat jartzea, egiaren batzorde bat martxan ipintzea, biktimak identifikatzeko ADN banku bat antolatzea, biktimen errolda bat egitea, eta oraindik erretiratu ez diren ikur frankista guztiak kentzea. Erreforma hori beharrezkoa da buruzagi sozialisten aburuz, Espainiako Gobernuak igaro urteotan ez duelako jarri «baliabide ekonomikorik» eta «garapen tresnarik» egun indarrean dagoen legea betearazteko —orain hamar urtekoa da—. PPren jarrera irmo kritikatu zuen atzo Sanchezek: «Erakutsi du ez duela borondate politikorik».

Eskuin muturraren alde

Adierazi zuen NBEk Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak ere jarri izan dutela auzitan PPren portaera, eta horregatik sustatu behar dela jarrera berri bat: «Ez dugu errebantxarik nahi. Ez dugu uste NBE susmagarria denik». Erorien Haraneko egoera bereziki deitoragarria dela adierazi zuen: «Ohe batean hil zen, hodi artean. Oroimenezko toki batean egoteko meriturik ez du». Legearen aldeko apustu irmorik gabe, hobi komunetako «zauriak» oraindik zabalik daudela salatu zuen, eta horregatik dela garrantzitsua erreforma hau sustatzea.«Ezin da deus eraiki ahanzturatik». Hain justu, eskuin muturra hanpatuta dabilela ohartarazi zuen PSOEko buruzagiak, eta horrelako jokabideek «hauspotu» egiten dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna