Eusko Jaurlaritzak soldata arrakala salatzea erraztuko die langileei

Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu dio gobernuari buzoi bat martxan jartzeko, sexuagatik eginiko soldata diskriminazioa salatzeko

Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak lan iruzurraren kontrako buzoi bat jarriko du martxan, Eusko Legebiltzarrak atzo horrela eskatuta. Langile emakumezko eta gizonezkoen arteko soldata arrakala salatzea eta txikitzea da asmoa. Elkarrekin Podemosek proposatuta, alderdi politikoek aho batez onartu zuten atzo, Gasteizko legebiltzarrean, postontzia martxan jartzeko legez besteko proposamena. Alderdi guztiek adostu zuten zuzenketa, PPk izan ezik; bozkatzean, ordea, denek babestu zuten, baita popularrek ere.

Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta ekinbide aren bultzatzaileak azpimarratu zuen emakumeen eta gizonen arteko soldata aldea 7.489 eurokoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gogora ekarri zuen gizonezkoek urtean batez beste 31.271 euroko soldata jasotzen dutela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta emakumeek, aldiz, 23.781 eurokoa.

Eusko Legebiltzarrak langileen esku tresna zehatzak jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, postontziaren bidez soldata arrakala kasuak salatzeko. Era berean, sentsibilizazio kanpainak egin ditzala eskatu dio Iñigo Urkulluren gobernuari, emakume langileak salaketak egitera animatzeko.

Areago, ganberak gobernuari eskatu dio 2018-2020ko aldirako ekintza plan bat aurkez dezala sei hilabeteko epean. Ekintza plana baliabidez hornitzeko galdegin dio, eta helburua izan dadila soldata arrakala ezabatzeko politikak indartzea. Halaber, tarteka txostenak egiteko eskatu dio, sektore ekonomiko bakoitzeko soldata diskriminazioa neurtzeko.

Madrili, bizkortzeko eske

Hego Euskal Herrian, %33,6koa da sexuen arteko soldata arrakala. Gehienetan, horrek ez du esan nahi emakumeek gizonek baino soldata apalagoak jasotzen dituztenik lanpostu berean; egiturazko beste arrazoi batzuk dira nagusi: sektoreen arteko segregazioa, goi karguetara ailegatzeko ezintasuna eta zaintzaren zama. INEren datuen arabera, Hegoaldean andreek dauzkate lanaldi partzialen %78, eta haien behin-behinekotasun tasa %26,7 da; gizonena, berriz, %21.

Legez besteko proposamenak badu beste eskaera bat ere, Espainiako Kongresuari egina: soldata berdintasunaren eta gardentasunaren aldeko legea onartzeko tramiteak arintzeko eskatu dio. Iaz aurkeztu zuen mozioa PSOEk, Espainiako Gobernuari eskatzeko legea egin zezan, eta aho batez onartu zuten.

Europako Batasunean badira herrialde batzuk Euskal Herrian eta Espainian baino pauso sendoagoak eman dituztenak soldata arrakala txikitzeko: Islandia, Alemania eta Erresuma Batua, adibidez.

Enpresak sexua kontuan hartu gabe soldata berdinak ordaintzera behartu dituen lehen herrialdea izan da Islandia. Hori ziurtatzera behartu ditu 25 langiletik gorako enpresa publiko zein pribatuak; bestela, zigor ekonomikoak ezarriko dizkie. Alemanian, berriz, langileek eskubidea dute lankideek zenbat kobratzen duten jakiteko: informazio hori ematera behartuta daude 200 langiletik gorako konpainiak. Erresuma Batuan, 250 langiletik gorako enpresak behartuta daude soldata arrakalari buruzko txostenak plazaratzera, eta hori konpontzeko neurriak aurkeztera.

Espainian, aldiz, antzeko lege bat egiteaz galdetuta, Mariano Rajoy presidenteak honela erantzun zuen duela gutxi irratiko elkarrizketa batean: «Ez gaitezen horretan sar. Eman ditzagun pausoak norabide onean. Horrela konpontzen dira gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.