'Ekintza sindikaleko gida' aurkeztu du LABek, «prekaritatearen aurka»

Helburua da «borrokarako gaitasuna izatea», Aranbururen esanetan. Negoziazio kolektibotik harago joan beharra defendatu du sindikatuak

LABeko kideak gidaren aurkezpenean, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak Ekintza sindikaleko gida aurkeztu zuen atzo, Bilbon. «Patronalak eta botere politikoak inposatu nahi diguten eredu prekarioari aurre egiteko» sindikatuak dituen estrategia eta proposamenak biltzen ditu liburuxkak. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiborako idazkari Xabier Ugartemendiak eman zuten gidaren xehetasunen berri.

Aranbururen esanetan, «aldarrikapen orokorrak zehazten ditu» gidak. Besteak beste,prekaritateari aurre egiteko, genero arteko diskriminazioa amaitzeko, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta aukera berdintasuna ziurtatzeko. Halere, LABeko buruak adierazi du helburua aldarrikapen horien alde egiteko «borrokarako gaitasuna izatea» dela, eta ez proposamenak edukitzea.

Ugartemendiak, berriz, egungo testuinguruan kokatu du gida: «Lan harremanetan prekaritatea neurri gabe hedatzen ari da». Negoziazio Kolektiboko idazkariak uste du egungo egoerak «patronalaren interesei bakarrik» erantzuten diela, «langileen eskubideak alboratuz». Horregatik, adierazi du ekintza sindikalak negoziazio kolektibotik harago joan behar duela.

LABek erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa ere egin du: «Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal izateko».

Greba, tresna nagusia

Aldarrikapen horiek guztiek aurrera eramateko hainbat irizpide aurkeztu dituzte. Sindikatuak azaldu du prekaritatearen aurkako borrokan lan zentroak direla «borroka aurrera eramako gune naturala», baina bakoitzaren egoera zehatzera egokituz. Horretarako, langileek informazio zuzena jasotzearen beharra azpimarratu dute: «Protagonista sentitu behar dira». Gidak antolaketa modu berriak ere planteatzen ditu, sail sindikalak ez baitu «egoera guztiei erantzuteko balio», sindikatuaren esanetan.

LABek mobilizazio gehiago sustatzeko beharra adierazi du, eta azpimarratu greba dela «bitarteko garrantzitsuena». Mobilizazio horien eraginkortasuna bermatzea dute helburua, eta hori lortzeko azaldu dute ez dagoela«borroka eredu bakarra». Borroka horiek kalera ateratzearen garrantziaz ere hitz egin du Aranburuk, elkartasuna eta inplikazioa sustatzeko tresna gisa: «Irakaskuntza gatazkak ez die eragiten irakaskuntzako langileei bakarrik, niri ere ama moduan eragiten dit, eta euren borrokaren parte izan nahi dut».

Borroka kutxa ere aipatu dute LABeko kideek, eta tresna bat gehiago dela defendatu dute, «kostu sozialak arintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.