Hiru egunean 74 zibil hil ditu Ukrainako armadak Donetsk eskualdean

Tankeek hiriguneari ere egin diote eraso.

Estatuko gasbideen %49 Mendebaldeko inbertitzaileen esku uzteko legea onartu du Kievek
Donetsk inguruko herritarrak, elikagaiak jasotzen.
Donetsk inguruko herritarrak, elikagaiak jasotzen. SERGEI ILNITSKY / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 15
Ukraina ekialdeko hiri nagusien bihotzeraino sartzen ari da egunotan Kieveko armada. Atzo, tankeek Donetskeko erdiguneari egin zioten eraso: misilek etxebizitza bloke batzuk eta merkataritza gune bat jo zituzten, eta gutxienez bi lagun hil ziren. Astelehenaz geroztik 74 zibil hil dira Donetsk eskualdean, eta beste 116 zauritu dira erasoen ondorioz.

Asteotan okerrera egin dute Ukraina ekialdeko milizien eta gobernuko tropen arteko borrokek. Donetsk eta Luhansk eskualdeetan «Herri Errepublikak» aldarrikatu dituzten autodefentsa taldeek aginteari eusten diote gune nagusietan, baina armada gogor oldartu zaie. Talde errusiazaleek independentzia aldarrikatu zuten maiatzean, eta horren ostean abiatu zuen Kieveko gobernuak ekialdearen aurkako operazio militarra. Ibilgailu blindatuak, artilleria astuna eta aire bidezko bonbardaketak erabili dituzte; eta, Arseni Jatseniuk lehen ministroaren arabera, 50.000 tropa inguru daude eskualde horietan.

NBEren Giza Eskubideetarako bulegoaren arabera, Ukraina ekialdean hildako herritarren kopurua bikoiztu egin da bi asteotan, eta dagoeneko 2.000 baino gehiago dira denera. Zaurituak 5.000 inguru direla kalkulatzen dute.

Atzo kargua utzi zuten Donetskeko milizietako buruzagiak eta Valeri Bolotovek, Luhanskeko Herri Errepublikako buruak; azken horrek, ordea, aldi baterako bakarrik, gerrak eragindako zauriak sendatu arte. Bolotovek maiatzean hartu zuen eskualde horretako milizien ardura, Kieven osatzen ari ziren «junta diktatorial odoltsutik» askatzeko. «Askatasunaren eta legearen bidea aukeratu dugu, faxismotik eta nazionalismotik at», esan zuen orduan. Orain Igor Plotnitskik hartuko du haren lekua.

Bati bizkarra, besteei eskua

Ukrainako Parlamentuak Errusiaren aurkako 29 zigor mota ahalbidetzen dituen lege bat onartu zuen atzo. Ez da automatikoki sartuko indarrean, baina, besteak beste, inportazioei eta Ukrainatik igarotzen diren produktuei mugak jartzeko aukera ematen dio Ukrainako Gobernuari.

Errusiari bizkarra eman ahala, AEBei eta Europako Batasunari eskua luzatu die Kievek, eta dauzkan baliabide nagusiak eskaini dizkie. Aurrerantzean herrialdeko gasbideak kudeatuko dituen enpresaren %49 AEBetako eta EBko inbertitzaileen esku uzteko legea ere onartu du parlamentuak; gainerakoa Ukrainako Estatuaren jabetza izango da.

Polemika eragin du lege horrek, eta parlamentuak zailtasun handiak izan ditu onartzeko; azkenean, 450 diputatutik 228k babestu dute. Udar eta Svoboda alderdiek aliantza hautsi zutenetik, krisi larrian da Ukrainako Gobernua, eta nekez lortzen dute haren proposamenek beharrezko babesa legebiltzarrean. Abuztuaren 24rako aliantza berri bat osatzen ez badu, hauteskundeetara dei dezake presidenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna