Atxilotu batek esan du eraso handiagoak egin nahi zituztela Bartzelonan

«Monumentuetan» lehergaiak erabiltzeko asmoa zutela adierazi dio epaileari. Deklaratu duten lauretako birentzat, imama zen taldearen buru

Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

«Beste mota bateko atentatua bilatzen ari ziren, ziurrenik», nabarmendu zuen Josep Lluis Traperok joan den ostiralean, Bartzelonako eta Cambrilsko erasoak gertatu eta ordu batzuetara. Eta hipotesia bete da. Ustez erasoekin lotura duen taldeko lau kidek deklaratu zuten atzo epailearen aurrean —zortzi hilda daude eta atzo beste bi atxilotu zituzten—, Audientzia Nazionalean. Iturri judizialen esanetan, horietako batek, Mohammed Houli Chemlalek, Bartzelonan eraso handiagoak egin nahi zituztela, «monumentuetan» lehergaiak erabiltzeko asmoa zeukatela, esan zion Andreu epaileari. Dris Oukabirrek ere hitz egin zuen epailearen aurrean, eta Chemlalek bezala, Abdelaki es Satty Ripolleko (Katalunia) imama jo zuen taldeko burutzat. Chemalen hitzetan, imamak immolatzeko intentzioa zuen. Bi horiek fidantzarik gabe espetxeratu ditu Andreu epaileak.

Mohammed Allak eta Salah el Karibek ere deklaratu zuten atzo, Madrilen. Betiere iturri judizialek jakinarazitakoaren arabera, bigarrenak adierazi zion epaileari ez zuela zerikusirik taldearekin, eta, komisio bat lortzeko asmoarekin, bitartekariarena egiten zuela hegazkin txartelak erosiz. Bat erosi zion imamari, eta beste bat Driss Oukabirri. Alla baldintzapean aske utzi du epaileak, eta Kariberen atxiloaldia, berriz, beste 72 orduz luzatu du.

Segurtasun indarrek eta zerbitzu sekretuek jarraitzen dute ikertzen Bartzelonan eta Cambrilsen hamabost pertsona hil zituzten bi erasoen nondik norakoak, eta Espainiako Barne Ministerioak atzo jakinarazi zuen azken egunetan hiru pertsona atxilotu dituztela Marokon. Bi, ustezko erasotzaileekin loturaren bat izan dezaketelakoan; eta beste bat, sare sozialetan erasoen «apologia» egiteagatik.

Frantziatik ere iritsi dira berriak. Gerard Collomb hango Barne ministroak atzo adierazi zuenez, ekintzaileek Cambrilsko erasoan erabilitako autoa Paris inguruan detektatu zuen radar batek, atentatua gertatu baino astebete lehenago.

Ikerketak irekita jarraitzen du, eta mossoek Villafranca del Penedesko etxebizitza bat (Bartzelona) eta Ripolleko lokutorio bat (Girona) miatu zituzten atzo. Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilariak esan zuen, «beste herrialde batzuetako zerbitzu sekretuekin» lanean hasi direla.

Guardia Zibila, «baztertuta»

Guardia Zibilaren sindikatu bat eta Espainiako Poliziaren sindikatu bat kexu agertu dira, «bakartuta» eta «baztertuta» sentitu direlako erasoen ondorengo ikerketan. Instituzioei egotzi diete errua, eta ondorio bat atera dute: «Alcanarko leherketa ondo ikertu izan balitz, eraso terrorista baten prestaketaren ondoriora iritsi beharko zatekeen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.