Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Espainiak eta Jaurlaritzak kupo legearen akordiorako oinarria adostu dute

Publizitatea

Ekonomia

Espainiak eta Jaurlaritzak kupo legearen akordiorako oinarria adostu dute

Bi administrazioek maiatzean argitu zituzten orain arteko diru kontuak, eta bidea zabaldu hurrengo bost urteetarako legea berritzeko
Pedro Azpiazu Espainiako hiru ministrorekin, herenegun, Madrilen.
Pedro Azpiazu Espainiako hiru ministrorekin, herenegun, Madrilen. J.MARTIN / EFE

2017-07-14 / Irune Lasa

Pedro Azpiazuk etekina atera dio herenegun Madrilera egindako bisitari. Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea egiteko hitzarmena sinatzeaz gain, Jaurlaritzako Ogasun sailburuak Kupoaren Lege berria izango denerako akordiorako oinarria ere sinatu zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroarekin.

Gaur emango du Azpiazuk akordioaren xehetasunen berri. Edonola ere, jada aurreratu dute Kontzertu Ekonomikoaren Bitariko Batzordeak datorren asteazkenean, hilaren 19an, berretsiko duela Madrilen 2017-2021 bost urteko aldiari dagokion Kupoaren Legea. Bi administrazioen sinadurarekin, hitzarmenak Espainiako Gorteen oniritzia lortu beharko du ondoren. Eta, horrela, hamar urteren ostean, Gasteizen eta Madrilen arteko diru publikoen joan-etorriak gauzatzeko Kupoaren Lege berria iritsiko da.

Hamar urteren buruan

2007an berritu zen azken aldiz Kupoaren Legea, PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako gobernuburu zirela. Handik gutxira agertu ziren desadostasunak hitzartutako kopuruei buruz. Tirabirak areagotu egin ziren 2011. urtean, atzera Kupoaren legea berritu behar zen garai berean, Espainiak bere kasa kupoaren kalkulua moldatu zuenean, Espainiako erkidegoen finantzaketan jazotako aldaketa bat argudiatuta. Jaurlaritzak ez du kalkuluaren aldaketa hori inoiz onartu.

Eta hala pasatu dira urteak, baten eta besteen kontuetan milioiak gora eta behera zebiltzala. PPren Espainiako Kongresuko gutxiengoak harremanak olioztatu dituen arte. EAJren Madrilgo botoak ezinbesteko izan ditu PPk, bere aurrekontuak aurrera aterako bazituen. Eta hala desblokeatu dira hainbat negoziazio, besteak beste kupoaren ingurukoak.

Joan den maiatzean 2008. urtetik 2016. urterainoko kupoari buruzko desadostasunetan ados jarri ziren Espainia eta Jaurlaritza. 1.400 milioi euroan gelditu zen kontua. Madrilek, kalkulu okerren ondorioz, EAEko administrazioei bueltatu beharreko milioiak.

Maiatzeko akordio horretan ezarritakoa da 2017rako kupo likidoa ere —956 milioi euro—. Hori izango da oinarria hurrengo urteetako kupoa kalkulatzeko, eguneratze indize bat ezarrita. Azken oinarria 2007. urtekoa zen, 1.565 milioi eurokoa, baina, orduz geroztik, Jaurlaritzak eskumen gehiago ditu.

Kupoarekin, hain zuzen, EAEko administrazioarenak ez diren eskumenengatik pagatzen zaio Espainiari —AHTa, aireportuak, portuak, Gorteak, Auzitegi konstituzionala...—.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak