Poloniako Gorenaren erreformak oposizioaren protesta eragin du

Gobernuko eskuin muturreko alderdiak sustatu du neurria. EBk Europako Akordioen 7. artikulua ezartzearekin mehatxatu du Polonia

2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Poloniako Parlamentuak Auzitegi Gorenaren erreforma onartu zuen atzo. Neurri hori gobernuan dagoen Legea eta Justizia eskuin muturreko alderdiak bultzatu du, eta oposizioaren zati handi bat elkartu du horren aurka. Gobernuko alderdiak ez du arazorik izan erreforma aurrera ateratzeko, parlamentuan gehiengo osoa baitu. Aldeko botoak 235 izan ziren; kontrakoak, 193; eta abstentzioak, 15. Legeak oraindik senatutik pasatu behar du, baina Legea eta Justizia alderdiak gehiengo osoa du erakunde horretan ere. Uztailaren 12an erreforma judizialarekin lotutako beste bi lege onartu zituzten.

Oposizioaren zati handi bat elkartu du neurriak. Milaka pertsona batu zituen atzo, Varsovian, manifestazio batek, eta Andrzej Duda presidenteari neurria atzera botatzeko eskatu zioten. Oposizioaren ustez, lege hau ezartzea Poloniako botere banaketaren urraketa izango litzateke, gobernuari Auzitegi Gorena kontrolatzeko ahalmena emango baitio. «Poloniako parlamentarismoaren historiako iruzur handienaren lekuko izan gara, eta erreforma ezartzen bada, laster Europako Batasunetik kanpo egongo gara» adierazi du Borys Budka Herritar Plataforma alderdiaren bozeramaileak.

Europa haserre

EB Europako Batasunak ez ditu batere ondo hartu Poloniatik heldutako berriak. Herenegun, Europako Komisioak esan zuen neurriak ezartzekotan Europako Akordioen 7. artikulua martxan jarriko duela. Artikulu hori aktibatzeak EBren Kontseiluaren bileretan bozkatzeko eskubidea ukatuko lioke Varsoviari. «Lege hauek Poloniako zuzenbide estatuaren aurkako mehatxu sistematikoak nabarmenki areagotuko lituzkete. Legeak indibidualki ezarriko balira, Poloniako justiziaren independentzia hondatuko lukete. Kolektiboki ezartzen badira, ordea, justiziak duen independentzia osoa indargabetuko lukete, eta botere judizial osoa gobernuaren kontrol poltikoaren menpe egongo litzateke», esan du Frans Timmermans Europako Komisioaren presidenteordeak.Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak, aldiz, «hitz egiteko borondatea» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.