Mundua gelditu ostean, mundua eraldatzera

Martxoaren 8ko greba «historikotzat» jo du mugimendu feministak. Proposamen politikoak zehazteko prozesu bat abiatuko dute
Euskal Herriko mugimendu feministako kideek agerraldia egin zuten atzo, Iruñean.
Euskal Herriko mugimendu feministako kideek agerraldia egin zuten atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ane Eslava -

2018ko martxoak 17
Martxoaren 8ko grebaren balorazioa egin dute Euskal Herriko mugimendu feministako kideek. Oso balorazio positiboa egin dute, eta arrakastaren arrazoia «elkarlana» eta herriz herri sortutako «antolakuntza sarea» izan direla adierazi dute. «Oinarritik antolatu gara, modu ireki, autonomo eta deszentralizatu batean; eta ezberdinen arteko elkarlanak ahalbidetu du greba feminista aurrera eramatea», esan zuen atzo Matixa Otero Muruak, Iruñean egindako agerraldi batean. Joan den ostegunean kaleetan bildutako «marea feminista politizatzeko eta eraldaketarako subjektu aktibo bihurtzeko» prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi dute.

Greba egunean kaleak bete zituzten emakumeak zoriondu dituzte, eta eskerrak eman dizkiete egindako lanarengatik: «Mobilizazio masiboek erakutsi zuten elkarrekin daukagun indarra». Prozesuaren gakoak ezberdinen arteko elkarlana eta kontsentsua izan dira, haien ustez. Deialdia emakumeen aniztasunaz jabetzeko eta norberaren pribilegioak berrikusteko baliagarria izan dela gaineratu du Otero Muruak: «Zeharkatzen gaituzten pribilegioen ardura hartzeko beharraz konturatu gara, batez ere arrazismoaren eta kolonialismoaren aurkako mugimenduek egindako ekarpenei esker».

Bestalde, greba eredua birpentsatzeko beharra mahai gainean jarri dute: «Greba honek bizitza izan du oinarri, ez merkatua; hortaz, bizitza erreproduzitzeko behar diren lan edo jardueretan egin dugu planto». Halere, ez dute lan esparrua alde batera utzi nahi, eta sindikalismoaren eta feminismoaren arteko harremanean sakontzeko beharra azpimarratu dute.

Mundua gelditu zuten, eta orain mundua «eraldatzeko» deia egin dute. Horretarako, proposamen politikoak zehazteko prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi dute, oinarria herri eta auzoetan izango duena. «Zaintza, bizi denbora, lana, langile mugimenduaren borrokak eta militantzia politikoaren inguruko hausnarketak landuko ditugu, besteak beste», azaldu du Otero Muruak.

Mugimendu feministak kritikatu du alderdi politiko batzuek «grebaren arrakasta bereganatu» nahi izatea: «Greba kritikatzetik babes keinu hutsalak egitera igaro dira, baita gure borrokako lider izaten saiatzera ere; hauteskunde interesengatik egindako babes keinu horiek salatu nahi ditugu». Erantsi dute euren helburua ez dela elite horietan andre gehiago egotea: kristalezko sabaiek bainoago, zoru itsaskorrek arduratzen dituztela, prekarizazio handienean daudenen errealitateek. «Klase, genero edota arrazen araberako hierarkiak deuseztatu behar ditugu eta, horregatik, sistema heteropatriarkal, arrazista eta kapitalista honekiko haustura bilatzen dugu», esan du Otero Muruak.

Martxoaren 8ko arrakastaren ondorioz «ahoa hitz politez bete» duten erakundeei erantzukizuna eskatu diete: neurri eta ekintza politikoak. Exijitu diete, besteak beste, Atzerritartasun Legea indargabetzeko, gizarte zerbitzu publikoetako murrizketak deuseztatzeko, pentsio duinak bermatzeko, zerga sisteman genero ikuspegia txertatzeko, nazioarteko merkataritza hitzarmenak geldiarazteko eta indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen integralak bermatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna