Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduren hautagaia Gipuzkoako aldundirako

Donostiako alkate ohia izan da hautagai bakarra; aho batez onartu du Mahai Politikoak. Kideen «konfiantza eta bultzada» eskertu ditu
Izagirre politikara itzuliko da, aldundirako hautagai gisa.
Izagirre politikara itzuliko da, aldundirako hautagai gisa. JON URBE / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko ekainak 1
Gipuzkoak badu lehen hautagai ofiziala 2019ko foru hauteskundeetarako. Atzo jakinarazi zuen EH Bilduk nor izango duen zerrendaburu: Juan Karlos Izagirre. Koalizioak ohar bidez jakinarazi duenez, Donostiako alkate ohiak aurkeztutakoa izan da hautagaitza bakarra, eta aho batez onetsi du Gipuzkoako Mahai Politikoak. Hala, EH Bilduren Hauteskunde Batzordeak zerrendaburu izendatu du Izagirre, eta ez da bozketarik egingo.

Kideengandik jasotako babesa eskertu du Izagirrek: «Asko izan dira pauso hau ematera gonbidatu nautenak, eta nigan erakutsitako konfiantza eta emandako bultzada eskertu nahi ditut». Halaber, Izagirrek dio bere «hurbiltasun eta prestutasun» guztia jarriko duela hautagai izateko: «Aukera berriak ditugu herrialde gisa, gipuzkoarrak erdigunera ekarri eta dagoena hobetzeko. Baita guk gauzak hobeto egiteko ere». Bide horretan, Izagirrek azaldu du beren bertsiorik onena Gipuzkoaren zerbitzura jartzeko «aukera baliatu» nahi duela.

Foru Aldundirako hautagaitzarekin politikara itzuliko da Izagirre. Aurrez, Donostiako alkate izan zen 2011-2015eko legealdian. EH Bilduren oharrak dio ordutik «gertutik» jarraitu duela politikaren aktualitatea. Familia medikua da ofizioz, eta Sahararekin lankidetza proiektuetan dihardu.

Donostian, Karrere

Izagirrerena ez zen izan EH Bilduk atzo jakinarazitako hautagaitza bakarra. Koalizioak adierazi du Reyes Karrere izango dela Donostiarako hautagaia 2019ko udal hauteskundeetan. Aldundirako zerrendarekin gertatu bezala, Donostiako Hauteskunde Batzordean ere ez da bozketarik egingo, Karrere izan baita hautagaitzarako aurkeztu den bakarra.

Karrerek «ilusio handiz» hartu du izendapena: «Donostian gauza asko hobetu behar dira, eta donostiarron bizi kalitatea hobetzeko egitasmo asko garatu beharra dago». Halaber, politika egiteko «beste era bat» aldarrikatu du. Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ibilbidea egindakoa da, eta Gipuzkoako Federazioko zuzendari teknikoa da egun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna