Matxinoek kontraerasoa jo dute Ukraina ekialdean, armadaren setioa hausteko

Kievek baztertu egin du epe motzera begira menia ezartzea, erasoaldia «herrialdearen burujabetasuna defendatzeko eskubidea» delako
Armadak atxilotutako ustezko matxino bat, Islovaisken.
Armadak atxilotutako ustezko matxino bat, Islovaisken. I BOBERSKYY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 28
Ukrainak ez du aurreikusten su-eten bat epe motzera begira. «Terrorismoaren aurkako operazioa gure eskubidea da herrialdearen subiranotasuna defendatzeko», adierazi du Valeri Chali gobernuko bozeramaileak. Minskeko bilerak utzitako bakerako deiak azkar lurrindu dira. Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Vladimir Putin Errusiakoarekin bildu zen herenegun Bielorrusiako hiriburuan. Poroxenkok esan zuen eskualdea baketzeko bide orri bat prestatuko zuela; Putinek, berriz, negoziazioetarako atmosfera egoki bat sortzen lagunduko zuela. Baina hitz horiek ez dute eraginik izan frontean. Luhansk eta Donetsk eskualdeetan borrokei eutsi diete bi aldeek. Donetsken, matxinoek Novoazovsk kostaldeko hiria hartzeko erasoaldia hasi dute.

Donetsk eskualdean, Azov itsasoaren kostaldean dago Novoazovsk —12.700 biztanle—, Errusiako mugatik gertu. AP albiste agentziaren arabera, hiria artilleriarekin bonbardatu dute matxinoek. Errusiazaleek Itar Tass agentziari azaldu diotenez, Donetsk eskualdean armadaren setioa hegoalderantz hausten saiatu dira, eta aurrera egitea lortu dute. Matxinoen arabera, Starobexeve herrian 129 polizia eta militar errendiarazi dituzte, eta beste 94 Kuteinikoven. Kievek ez ditu baieztatu datu horiek.

Eskualdeko Ilovaisk eta Horlivka hirietan ere borroka gogorrak izan dira. Bi aldeek beren gain hartzen dute hirien zatirik handienak. Ukrainako armadaren bozeramaile Andrei Lisenkoren arabera, azken egunetan berrehun errusiazale hil eta hainbat tanke eta misil jaurtigailu suntsitu dituzte.

Lisenkok beste behin leporatu dio Errusiako armadari herrialdean sartzea. Bozeramaile militarraren arabera, Errusiako soldadu talde bat sartu da Amvrosiivka mugaldeko herrian, astelehenean hamar soldadu errusiar atxilotu zituzten lekutik gertu. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, astelehenean muga gurutzatu zuten militarrak «konturatu gabe» sartu ziren herrialdean.

Ukrainako armadako iturri batek AFP albiste agentziari esan dionez, Starobexeve herritik ehun bat ibilgailuren ilara bat atera da. Tankeek, auto blindatuek eta misil jaurtigailu sistemek osatzen dute konboia, eta, iturri militarren arabera, Errusiako armadarena da.

Moskuk behin baino gehiagotan ukatu du tropak Ukrainara bidali izana. Haatik, beste giza konboi bat bidali nahi du gerran harrapatuta dauden zibilen egoera arintzeko. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak jakinarazi du bide horretan «aurrerapausoak»eman zirela Minsken. «Irtenbide tekniko eta logistikoak aurkituko ditugu. Bigarren giza konboia ez da azkena izango».

Donbas eskualdeko gatazkari buruz ez eze, gasaren inguruan ere negoziatu behar dute Kievek eta Moskuk. Ukrainatik igarotzen da Errusiak Europari saltzen dion gas gehiena, eta Bruselak nahi du auzia konpontzea Stockholmeko Arbitraje Epaitegira jo aurretik. Irailaren 6an dira biltzekoak hiru aldeak. «Ezin dugu itxaron Stockholmek erabaki bat hartu arte», esan du Gunther Oettinger Europako Energia komisarioak. «Behin-behineko prezio bat ezarri behar dugu negurako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna