Madrilek Generalitatearen gastuak kontrolatuko ditu, galdeketa eragozteko asmoz

Kataluniako Gobernuak Espainiakoari astero erakutsi beharko dio dirua zertan gastatzen duen. Diru iturria ixteko mehatxua egin dio Moncloak

Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro eta bozeramaileari «ilegala» iruditzen zaio Kataluniako Gobernuak datorren urriaren 1erako deitutako independentzia erreferenduma. Madrilek behin baino gehiagotan ohartarazi izan du ahal dituen neurri guztiak hartuko dituela galdeketa eragozteko, eta, atzo, horietako baten berri eman zuen bozeramaileak. «Diru publikoaren erabilera egokia bermatzeko» asmoarekin, Generalitateak, astero, txostenak bidali beharko dizkio Espainiako Ogasun Ministerioari, «kontsulta ordaintzera bideratuta dauden partidak ez daudela erakusteko». Espainiako Gobernuak onartutako neurria gaur sartuko da indarrean. Ogasun Ministerioak antzematen baldin badu galdeketarako diru partidak daudela, Kataluniak FLA Likidezia Funts Autonomotik jasotzen duen dirua kentzearekin mehatxatu du Mendez de Vigok; haren hitzetan, 67.000 milioi euro 2012tik. «Erreferendum bat egin nahi badute,haiek ordaindu beharko dute».

Bozeramaileak gogoratu zuen galdeketarako diru partidak Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi duela Auzitegi Konstituzionalak. Izan ere, Generalitatearen aurrekontuetako dirua Kataluniaren etorkizuna erabakitzera bideratuz gero, hori inkonstituzionala litzatekeela erabaki zuten, aho batez, auzitegiko magistratuek, pasa den uztailaren 4an. «Hala ere», Kataluniako instituzioek erreferendumaren prozesuarekin jarraitzeko asmoa iragarri dutela adierazi zuen Mendez de Vigok. Generalitatearen gastuak astero-astero kontrolatzeko neurria hartu dute, erreferendum prozesuaren egoera «arriskutsuak», haren esanetan, «zalantzak» sor diezazkiekeelako bai enpresei, baita herritarrei ere. «Erreferenduma ezin da dirua publikoarekin ordaindu. Katalanak egon zaitezkete lasai, ez baita euro bat ere erabiliko ilegala den ezertarako».

Generalitateko zenbait goi karguk eta funtzionariok edukiko dute astero Ogasun Ministerioari informazioa bidaltzeko ardura. Mendez de Vigok pentsatzen du beteko dutela agintzen zaiena, bestela «oso larria»litzateke-eta; eta Moncloak «dagokien agintarien» esku utziko luke kasua. Ez du zehaztu, ordea, zein zigor ezarriko zitzaien. Hori bai, Likidezia Funts Autonomikoari dagozkion akordioek aurreikusten dutenari helduko lioke Madrilek. «Beharbada, FLA kenduko genioke», ohartarazi du Mendez de Vigok. Espainiako Gobernuak finantzaketa iturria ixten baldin badio Generalitateari, «erantzulea», bozeramailearen iritziz, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea izango da, «eta hark eman beharko dizkie azalpenak katalanei».

%67,5ek parte hartuko dute

Kataluniako Iritzien Ikerketa Zentroak egindako inkesta baten arabera, kataluniarren %67,5ek parte hartuko lukete galdeketan, eta horietako %62,4k independentziaren alde bozkatuko lukete. Halere, inkesta hori kontuan hartuz, parte hartu nahi ez, eta independentziaren aurka daudenak, gehiengo dira: %49,4.

Bestetik, Katalunian etorkizun politikoari buruz erabakitzeko galdeketa egin zuten 2014ko azaroaren 9an, eta, horregatik, Espainiako Kontu Auzitegiak bost milioi euroko isuna ezarri nahi die antolatzaileek. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak proposatu du erresistentzia kutxa bat sortzea, hori ordaintzeko. «Parte hartu zutenek gustura jarriko lukete dirua». Haren kalkuluen arabera, 2,5 euro pertsona bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.