Venezuelako oposizioak parlamentuaren eskumenak aldarrikatu ditu

MUD: «Konstituzioan jasota ez dagoen botere ahalguztiduna beretzat hartu nahi du Konstituziogileak». Bakea «berrezarri» nahi du fiskalak

Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
«Botere ahalguztiduna» dauka Venezuelako Batzar Konstituziogileak, joan den ostiralean, ezarri zutenean, Delcy Rodriguez horren presidenteak nabarmendu zuenez. Herrialdeko botere publiko nagusia da «kontraesanak konpontzeko» intentzioarekin Nicolas Maduro estatuko presidenteak hauspotutako ganbera. Baina parlamentuan oposizioko kideek, MUDekoek Batasun Demokratikoaren Mahaikoek, dute gehiengoa, eta, irregulartasunak medio, Auzitegi Gorenak joan den martxoa amaieran botererik gabe utzi zituen arren, parlamentariek segitzen dute legebiltzarraren eskumenak aldarrikatzen. «Konstituzioan jasota ez dagoen botere ahalguztiduna bereganatu nahi du Konstituzigileak», salatu du Stalin Gonzalez MUDeko kideak.

Konstituziogilea eratu ondorengo aurreneko osoko bilkura egin zuen atzo parlamentuak —eraikin berean baina beste areto batean biltzen da Konstituziogilea—, eta Gonzalezek adierazi zuen herrialdeak «ordena konstituzionala» berrezartzea eskatzen duela; 2015eko abenduan ezarritako parlamentuaren eskumenak eskatu zituela, alegia. MUDeko beste kide batek, Juan Requesensek, azpimarratu zuen «kaleak asaldatzeko instrumentu gisa» erabili beharra daukatela.

Bien bitartean, Maduroren aldeko herritarrek martxa bat antolatu zuten, eta parlamentuaren egoitzarako bidea egin, Konstituziogilearen legitimitatea berresteko. Konstituzio berria idaztea du zeregin batzarrak, eta joan den larunbatean bildu zen aurreneko aldiz. Hartu zuen lehen erabakietako bat izan zen Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusia kargugabetzea —gobernuaren aurkako jarrera dauka egun chavista ohiak, eta esan du herrialdeko fiskala dela oraindik ere —, eta haren ordezko Tarek Saab ararteko ohia izendatzea. Adierazi zuen, atzo, Ortega kendu dutela herrialdea azken hilabeteetan pairatzen ari den biolentziaren «konplize» izan delako. Saabek helburu bat dauka: «Bakea berrezarri nahi dut».

Kapitain ohi baten erasoa

Armadako kapitain ohi batek gidatuta, militarrez eta zibilez osatutako 20 bat pertsonako talde batek Valenciako kuartel bati eraso zioten herenegun goizaldean. FANB Indar Armatu Bolivartar Nazionalarekin izandako borrokan, erasotzaileetako bi lagun hil ziren. Zazpi atxilotu zituzten, eta besteek ihes egitea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.