Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Beste pista bat Aralarren

Publizitatea

Gizartea

Beste pista bat Aralarren

Enirio-Igaratzako txaboletara bidea egiteko tramiteak abian jarri dituzte. Iaz egin zuten beste pista bat, eta Tolosako epaitegira heldu da kasua
Ibilgailu bat, Aralarko bide batean. Artxiboko argazkia.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARP

2017-09-14 / Garikoitz Goikoetxea

Martxan dira Aralarren beste pista bat egiteko tramiteak. Iaz egin zuten pista bat, Goroskintxura, eta orain Enirio-Igaratzako txaboletara egingo dute bidea. Gaur egun, ibilgailuan joateko, Nafarroatik daukate bidea Igaratzako txabolek. Enirio-Aralar Mankomunitateak ekainean onetsi zuen pista hori egiteko proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ari da gaia tramitatzen orain; hari dagokio baimena ematea. Pisten aurka bildu dira hainbat talde, eta adierazi dute ez dela «beharrezkoa» pista hori egitea Aralarren, eta ingurumen aldetik eragin kaltegarriak ekarriko dituela. Hortaz, diputazioari eskatu diote ez dezala onartu pista egiteko proiektua.

Zalaparta handia eragin du pisten auziak Aralar aldeko herrietan, eta desadostasun galantak. Batetik, pistak egitea babestu du Enirio-Aralar Mankomunitateko gehiengoak —EAJren udalek eta EH Bilduren udal batzuek—, bai baserritar elkarteek ere: defendatzen dute artzaintza ezinbestekoa dela Aralarren, eta pistak behar direla artzainak baldintza «duinetan» jarduteko. Bestetik, Naturkon taldean bildutako hamabost elkarte aurka daude, eta eraginaz ohartarazi dute mendizale elkarteek; EH Bilduko udal batzuek ez dute egitasmoa babestu.

Aurrez aurreko gogorrak eduki dituzte, eta, joan den otsailean, erreta azaldu zen Oiduegiko txabola —Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteak kudeatzen du—.

Tentsio soka horretan, abian da bigarren pista eraikitzeko proiektua. Naturkon taldearen ustez, ez da behar pista, Nafarroatik bidea badela eta. Gainera, artzainentzat beste aukera batzuk aztertzeko eskatu du: oraingo bidezidorra erabil dezaketen ibilgailu txikiak edo «zama eramateko animaliak».

Aurreko salaketa berberak

Taldeak azaldu duenez, oraingo bidezidorra bihurtuko lukete pista: nabarmendu dute «balio historiko eta kultural handiko» bidea dela, «antzinatik erabilia».

Iaz Goroskintxuko pista egin zutenean, talde horiek fiskaltzara jo zuten, eta hark Tolosako epaitegiaren esku utzi du kasua. Naturkonen arabera, iazko pistak zituen arau-hauste berberak ditu oraingoak ere: Europako legeak ez dituela betetzen, babestutako izendapena duten eremuetatik igaroko dela pista, eta bideak egiteko proiektuak «zatika» ari direla aztertzen, osorik egin beharrean, «tramitazioa arintzeko».

Mankomunitateko buru Jose Miguel Santamariak esan du bete zituztela «prozedura guztiak».

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak