Ikerketako 5.212 pieza

Ekoizpen zientifikoak egonkortzera egin du kantitatean, Ikerbasquek eman dituen azken datuen arabera. Hamar urtean %148 hazi da EAEn
Ikerbasqueren txostenaren aurkezpena, atzo.
Ikerbasqueren txostenaren aurkezpena, atzo. BERRIA

Arantxa Iraola

2017ko urriak 12
«Munduko ekoizpen zientifikoa urtez urte gehituz joan da, baina gaur egun nolabaiteko geldialdia sumatzen zaio», azaldu zuten atzo Bilbon egin zuten agerraldian Ikerbasqueko arduradunek, eta adierazi zuten egonkortze hori igartzen dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz egindako ekoizpen zientifikoetan ere. «Iaz aurreko urtean baino argitalpen gehiago egin ziren arren, ekoizpen zientifikoa egonkortzeko bidean dagoela esan daiteke». Aintzat hartu behar da, ordea, aurretik igoera zinetan handiko hamar urte izan direla. Hara datuak: iaz 5.212 lan argitaratu ziren; 2007an, 2.100. Igoera %148koa izan da. Horrez gain, lan horien kalitatea «haziz» doala nabarmendu zuen atzo Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossiok.

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteren ondoan aurkeztu zuen atzo Zientzia Euskadin 2017 txostena Cossiok. Argitaratzen diren lanen kalitatearen hazkundearen erakusgarri, datu bat nabarmendu dute erakundeko arduradunek: azken hamarkadan lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da. Hain justu, eragin zabaleneko aldizkarietan lanen %42,6 argitaratzen ziren orain hamar urte; %51,6 orain. Adierazi dute, halaber, Ikerbasqueren abaroan diharduten ikertzaile askok lankidetzan jarduten dutela mundu zabaleko ikerketa egitasmoetan, eta «nagusitasunezko» posizioa dutela askotan.

EHUren gidaritza

Sektoreka, zientzia ekoizpenaren %57 inguru unibertsitateei dagokie, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatea da burua, 2.741 laneko ekarpena harena da. Atzetik daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak. Denera 12.000 ikertzaile inguru ari dira. Eta, gizarteko beste sektore askotan bezalaxe, herrenka dihardute genero berdintasunean horiek ere. «Senior postu gehienak gizonen esku daude nagusiki», onartu zuten atzo Ikerbasqueko arduradunek zabaldu zuten oharrean.

Urteotako datuak ahalbidetzeko ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritzaren rola. 2015ean, esaterako, BPG barne produktu gordinaren %1,93 ikerketa eta garapenerako izan zen; Espainiako datuen aldean, ehunekorik handiena. Beste hainbat aldagaitan ere puntan daudela esan dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna