New Yorkeko atentatuaren egileak EIren izenean ari zela iradoki du ohar batean

Jatorri uzbekistandarreko gazte batek zortzi lagun hil zituen kamioneta batekin harrapatuta. Gobernadoreak esan du «otso bakarti bat» zela

Erredakzioa
2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Manhattanen bihotzean herenegun izandako atentatuak zeresana eman du biharamunean ere. New Yorken, Halloween ospatzen ari zirela, gizonezko batek zortzi lagun hil —tartean bost argentinar eta belgikar bat— eta beste hamabi zauritu zituen kamioneta batekin harrapatuta. West eta Chambers kaleen arteko bide gorrian sartu zen erasotzailea, eta, ondoren, eskola autobus bat jo zuen; bi heldu eta bi haur zauritu zituen. Lekukoen arabera, bi arma zeramatzan, nahiz eta gerora jakin den horietako bat gezurrezkoa zela. Autoan agertutako oharra da orain albistea: «Estatu Islamikoak betiko iraungo du». Horixe utzi zuen idatzita erasotzaileak, iradokiz muturreko talde islamistaren izenean ari zela.

Ikerketak, baina, ez du lotura hori baieztatu. Eta Estatu Islamikoak ere ez du erasoaren erantzukizuna bere gain hartu. Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak, berriz, adierazi du erasotzailea bere kabuz ari zela, eta «otso bakarti bat» zela zehaztu du: «Taktika berri bat da: gizabanako bakar batek heriotza eta samina eragiteko asmoa dauka».

Sayfullo Saipov da ustez erasotzailea; Tampan (Florida) bizi zen jatorri uzbekistandarreko 29 urteko gaztea. Erasoaren ostean, poliziek tiro egin zioten, eta ospitalean dago, zaurituta.

Pasaporte berdea

Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako departamentuak jakinarazi duenez, gaztea 2010ean sartu zen herrialdean, aniztasuna bermatzeko banatzen diren green card pasaporte berdeei esker. Kongresuak 1990ean jarri zuen martxan egitasmo hori, herrialdean immigrazio tasa txikiak dituzten herrialdeetako pertsonei harrera egin eta, hartara, aniztasuna sustatzeko. Urtean 50.000 lagun sartzen dira pasaporte horiekin Estatu Batuetan.

Donald Trump presidenteak, baina, ez du begi onez ikusten programa, eta, aurretik haren kontra mintzatutakoa bada ere, orain, bertan behera uzteko «lanean hasteko» eskatu dio Kongresuari. Twitterren zabaldu duen mezuan adierazi du merituen araberakoa izan behar duela migrazio sistemak: «Gogor ari gara lanean merituetan oinarritutako immigraziorako; ez dugu demokraten loteria gehiagorik nahi. Askoz ere gogorragoak eta azkarragoak izan behar dugu». Chuck Schumer senatari demokratari egin dio erreferentzia, bada, agintariak, hura izan baitzen programaren sustatzailea, nahiz eta errepublikanoen babesa ere izan zuen.

Trump, baina, haratago joan da, esan baitu ustezko erasotzailea «animalia bat» dela eta ez duela baztertzen Guantanamoko kartzelara eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.