Generalitateko kontuen kontrola leundu du Espainiako Gobernuak

Madrilek gainbegiratu gabe egingo ditu ordainketak. Elkarrizketatik kanpo geratuko da autodeterminazioa, Zelaa bozeramailearen hitzetan

Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Harremanaren «normalizaziorako» bidean, Kataluniarekiko neurri bat hartu du Espainiako Gobernu berriak. Izan ere, Generalitateko kontuen kontrola leundu du. Isabel Zelaa bozeramaile berriak azaldu zuen, atzo, gobernu berriaren lehen Ministro Kontseiluaren ondoren. Horrek esan nahi du Moncloaren zigiluaren zain egon gabe egin ahal izango dituela ordainketak Generalitateak. Zelaak ez zuen argitu, ordea, ea indarrean jarraituko duen 2015eko azaroan, prozesu subiranista azkartzen hasi zenean, PPren gobernuak ezarritako neurria, zeinaren arabera Generalitateak egindako gastu guztien berri ematen baitio hilero Madrili. Eta horrek nahasmena eragin zuen. Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaileak adierazi zuenez, neurriak eragiten badio joan den uztailean eta irailean egin zen kontuen kontrolaren areagotzeari, hori behin 155. artikulua kenduta gelditu da bertan behera.

Zelaak esan zuen bankuei aginduak eman dizkietela Generalitateak ordainketak egin ahal izan ditzan Madrilen onespenari itxaron gabe. Hori dela eta, Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak gobernu berria kritikatu zuen: «Separatistekin egindako ituneko hipoteketako bat ordaintzen hasi da Sanchez».

Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak edukiko dituzten balizko elkarrizketei dagokienez, Zelaak nabarmendu zuen autodeterminazio eskubidea «erabat kanpo» geldituko dela negoziazio horietan. Datorren astean dira zehaztekoak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Quim Torra Generalitatekoaren arteko bileraren eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.