Miren Amuriza.
BIRA

Bera eta bera

2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Badakit, beharbada, txarto hartuko didazuna, baina esan egin behar dizut, bera, bera eta bera baitzabiltza aspaldion: polit-polita delakoa, pultsera bat oparitu dizulakoa, lehen berarekin amesten zenuelakoa eta orain autokarabanarekin hara-hona ibiliko zaretelakoa... Eta pozten naiz, benetan, zoriontsu baldin bazara, baina arduratu samar naukazu «osatu egiten nau» eta horrelakoak esaten hasi zarenetik (ez al zenuen, ba, zuk laranja erdiaren teoria arbuiatzen?).

Berarekin zaudenean ehuneko ehuneko arreta eskaintzen diozu: eskua gura duenean, eskua eman zuk; kroketak gura dituenean, kroketak egin zuk... Eta ez zauden aldi bakanetan ere (noiz pasatu dituzue azkenekoz 24 ordu elkar ikusi barik?), irribarre tentel hori disimulatu ezinik egoten zara: beragan pentsatzen, berarekin egoteko beharra duzula murmuratzen; mugikorra eskuan-da, zer gerta ere, berehalakotasunaren, leialtasunaren izenean. Arduratu egiten nauzu maitasuna ahalguztiduna dela esanez zuen harremanaren ajeak estaltzen ahalegintzen zarenean, edo norena zara galdetzen diozunean eta zurea erantzuten dizunean berak (eta zure espektatibak betetzeari uzten dionean, zer?).

Makarroizko pultseratxo hori zoragarria da, ados. Maiteminduta zaude zure semearekin, alabarekin, ados. Baina, beharbada, eredu erromantikoarena ez duzu uste bezain gaindituta edukiko, ezta? Esan egin behar nizun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.