GES taldeak Erandioko bi plantetako 96 behargin kaleratu nahi ditu

Madrilek energia berriztagarriei laguntzak jaitsi izanak enpresa kolokan jarri duela dio GESek.Atentok beste 69 langile bota nahi ditu Bilbon

Jon Fernandez - Iker Aranburu
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak berriztagarriei laguntzak txikitu izanak zeharka eragiten ari den ondorioei beste bat batzeko zorian dago: Global Energy Services (GES) enpresako langileak. Talde horretako zuzendaritzak jakinarazi die sindikatuei 627 langile kaleratu nahi dituela, horietatik 96 Erandion (Bizkaia). Beste 69 lanpostu ere arriskuan daude Bizkaian, Atentok kaleratze sorta bat iragarri baititu.

ELAk azaldu duenez, GES taldeko zuzendaritzak asteazkenean eman zien sindikatuei lan erregulazio espedientearen berri, Madrilen. GES taldeak Global Energy Services, Siemsa Industria eta Siemsa Control y Sistemas konpainiak biltzen ditu. Taldeak bi lantoki ditu Euskal Herrian, Erandion biak: Siemsa Industriako 58 beharginei eragingo lieke erregulazioak (Asua auzoan), eta Global Energy Serviceseko beste 38 langileri (Enekuri auzoan).

GES taldeak energia berriztagarriei lotutako eraikuntza, muntatze eta mantentze zerbitzuak eskaintzen ditu. Zuzendaritzak argudiatu duenez, Madrilek sektoreari sariak txikitu izanak asko murriztu du bere produktu eta zerbitzuen eskaera, eta taldearen iraupena bera kolokan jarri du. Kaleratzeak, hortaz, enpresaren etorkizuna bermatzeko ezinbesteko baldintza direla uste du enpresak.

Oso balorazio desberdina egin dute sindikatuek. Agiri baten bidez, ELAk iragarri du «beharrezkotzat jotzen diren presio neurriak» hartuko dituela Erandioko bi lantokietako «lanpostu guztiak» defendatzeko.

CCOOk, berriz, «gehiegizkotzat» jo ditu proposatutako kaleratzeak, enpresaren lau langiletik bati eragiten diotelako. Sindikatu horrek auzitan jarri du zuzendaritzaren argudioa, eta enpresaren bideragarritasuna bera kolokan egotea. Izan ere, erregulazio espedientea aurkeztu baino bi aste lehenago enpresak zenbait langile kontratatu zituen. «Bateraezina» da hori enpresan langileak sobran daudela dioten azalpenekin. Kaleratzearekin batera GESek industria plan bat ez aurkeztea salatu du CCOOk.

Kaleratzeak, Atenton

Herenegun zabaldutako enpleguari buruzko datu txukunak iluntzen dituen beste kaleratze kolektibo bat iragarri zuen atzo Atento Teleservicios España konpainiak. Bere lan taldearen %9 bota nahi du telefono bidezko zerbitzuak ematen dituen enpresa horrek, 823 langile hain zuzen ere. Horietatik 69 izango lirateke Bilboko bulegoetan.

Arrazoi ekonomikoak eman zizkien zuzendaritzak sindikatuei, atzo erregulazio dosierrari buruz izan zuten lehen bileran. Sindikatuek salatu dute «zentzugabeak» direla kaleratzeak, Atento langile bila ari baita Andaluzian eta Madrilen. Telefonicak sortu zuen Atento 1999. urtean, telemarketin eta telefono bidezko beste zerbitzu batek eskaintzeko, baina 2012ko urrian Bain Capital funtsari saldu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.