Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Arabako aurrekontua %3 handituko da, kupoak eta ekarpenek zamatuta

Publizitatea

Ekonomia

Arabako aurrekontua %3 handituko da, kupoak eta ekarpenek zamatuta

Gastu propioetarako 13 milioi gehiago izango ditu. Zerga erreformari esker 18 milioi euro gehiago bilduko lirateke, ogasunaren arabera
Arabako aurrekontuaren aurkezpena, atzo.
Arabako aurrekontuaren aurkezpena, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-15 / Ivan Santamaria

Arabako Foru Aldundiak 481 milioi izango ditu gastatzeko heldu den urtean. Aurtengo aurrekontuekin alderatuta, 13 milioi gehiago dira, %3ko hazkundea izan baita. Kopuru horrekin «etorkizunera begiratzeko» kontuak prestatu dituzte, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren ustez, ekonomiaren susperraldia jada «finkatu» baita herrialdean.

Diru gehiago izan zitekeen, baina, oraingo honetan, euskal erakundeen arteko finantza harreman konplexuek aldundiaren aurka jokatu dute. Beste erakundeekin dituen konpromisoak ordaintzeko, aurten baino 114 milioi gehiago jarri beharko ditu. Besteak beste, 37 milioi gehiago ordainduko dizkio Espainiari kupoan, eta 69 milioi gehiago eman beharko dizkio Eusko Jaurlaritzari, eskumen komunak pagatzeko ekarpenen bidez.

Beste erakundeei eman beharreko dirua %6,1 igo den bitartean, aurrekontu propioa horren erdia haziko da. Aurten kontrakoa gertatu zitzaion: gastu propioak %8 handitzeko aukera izan zuen, eta %1 baino ez kanpora egin beharreko ekarpenak.

Ahaldun nagusiak inbertsioa sustatzeko ahalegina azpimarratu zuen proiektua aurkezteko agerraldian. 96,5 milioi gastatuko ditu horretan —%4,7ko igoera—. Bide azpiegituretan eta mugikortasunean islatuko da bereziki borondate hori. Errepide planek azken urteotan finantzaketa eskasegia izan dutela uste du aldundiak, eta departamentu horrek izango du aurrekontu igoerarik esanguratsuena: %11. Zorpetze garbia handitu gabeko aurrekontua da.

Suteak itzaltzeko zerbitzuan, iruzurraren aurkako borrokan, enpleguan eta garraioetan aurten baino gehiago gastatuko du foru gobernuak. Tokiko erakundeentzako baldintzarik gabeko finantzaketa %3,6 handitu da, foru gobernuak eta EH Bilduk baliabideen ekarpena %0,5 handitzeko lortu zuten akordioari jarraituz.

Politika sozialari dagokionez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen finantzaketa 200 milioitik gorakoa izango da, azken zazpi urteotan lehen aldiz. Mendekotasun Legea garatzeko 20,9 milioi jarriko dira. Aldundiak kalkulatu du gastu propioaren ehun eurotik 48 «sozialak» direla.

Iruzurraren aurkako borrokan ere %11 handitu da aurrekontua. Horren barruan, arrisku berezia duten zergapekoen jarraipena egiteko teknologia martxan jarri nahi du ogasunak. Aurreko urteotan ikuskari eta teknikari gehiago kontratatu eta gainerako zerga administrazioekin datuak trukatzeko sinatu diren akordioen ondoren, orain informazio hori guztia kudeatzeko moduko sistemak indarrean jartzea da Arabako administrazioaren erronka.

EAJk eta PSE-EEk beste bazkide bat beharko dute proiektua aurrera ateratzeko. Aurreko bi aurrekontuak EH Bilduren botoei esker atera zituzten aurrera. Oraingo honetan, koalizio abertzaleak eta PPk aurretiazko baldintza gisa ezarri dute zerga erreforman ados jartzea. Bi negoziazioak banatzea eta «trukerako txanpon ez bihurtzea» eskatu zuen ahaldun nagusiak, ordea. «Arabak konpondu beharreko gauza garrantzitsuak ditu, eta aldundiaren aurrekontuak badu nahikoa garrantzi izaera politikoko beste kontu batzuen menpe ez geratzeko», ohartarazi zuen.

Zerga erreforma, bidean

Aurrekontu proiektua onartzeaz gain, foru gobernuak tramitatzeko bidean jarri du orain dela pare bat aste jeltzaleek eta sozialistek adostu zuten zerga erreforma. Neurri horien eragin ekonomikoa ere kalkulatu du aldundiak: 18 milioi gehiago bilduko lirateke.

Diru ia guztia sozietate zergari eginiko doikuntzei esker lortuko litzateke. Besteak beste, aurreko urteotako galerak konpentsatzeko aukerari mugak jartzea aurreikusten du erreforma proposamenak, eta hori litzateke diru iturri nagusia. Araua heldu den urtean indarrean jarrita, 2019ko bilketan islatuko litzateke emaitza.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak