Fujimoriren aroa «atzean uzteko» eskatu die Peruko presidenteak herritarrei

Kuczynskik esan du Fujimorik «huts larriak» egin bazituen ere, «jada» hamabi urtez egon dela preso. Presidente ohiak indultua eskertu du

Fujimoriren aurkako manifestariak eta Polizia, Liman. EDUARDO CAVERA / EFE.
Erredakzioa
2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Pedro Pablo Kuczynski Peruko presidenteak telebistan emandako mezu batean defendatu du Alberto Fujimori presidente ohiaren indultua, baina ez du aipatu akordio politiko baten ondorio izan denik; horren ordez, berretsi du soilik «arrazoi humanitarioak» izan dituela oinarri. Gainera, herritarrei eskatu die Fujimoriren aroa «atzean uzteko», eta esan du «demokrata» sentitzen direnek ez luketela utzi behar Fujimori espetxean hiltzen. «Peruko presidente ohi baten osasunaz eta bizirik irauteko aukerei buruz ari gara. Gehiegikeria eta huts larriak egin bazituen ere, zigortu egin zuten, eta zigorraren hamabi urte beteak ditu». Fujimorik ospitaletik grabatutako bideo batean indultua eskertu du, eta barkamena eskatu die presidente zenean «huts» egin zien «beste herrikideei».

Presidente ohiak zaintza berezien unitatea utzi zuen atzo, Alejandro Aguinaga mediku eta kongresista ohi fujimorizaleak jakinarazi zuenez. Espetxetik eraman zuten ospitalera, baina Gabon gauetik aske dago. Kuczynskik erabat defendatu du hartutako erabakia, eta Fujimoriren agintaldiko krimenak erlatibizatu egin ditu. «Krisi bortitz eta kaotiko baten erdian hartu zuen herrialdea, baina uste dut haren gobernuak aurrerapen nazionalari ekarpena egin ziola». Kuczynskik adierazi du «agian» presidente denetik hartu duen «erabakirik zailena» izan dela.

Fujimorik 1990ean irabazi zituen hauteskundeak, eta 2000. urtera arte izan zen presidente, Perutik ihes egin zuen arte. 2005. urtean Txilen atxilotu zuten, eta Perura estraditatu. 2009an 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten gizateriaren aurkako krimenak egotzita —1991n eta 1992an armadako talde ezkutu batek egindako 25 hilketaren erantzuletzat jo zuten—, eta espetxe zigor txikiagoak ere badauzka ustelkeria delituengatik. Kenji Fujimori presidente ohiaren semeak esana du akordio bat egin zuela aitaren indultua lortzearen truke. Kongresuak duela bost egun bozketa bat egin zuen Kuczynski kargutik kendu ala ez erabakitzeko —Brasilgo Odebrecht eraikuntza enpresaren ustelkeria auzian nahasi dutelako—, baina Kenji Fujimorik eta beste bederatzi ordezkarik alderdiaren diziplina hautsi, eta Kuczynskik presidentetzan irautea ahalbidetu zuten.

Funtzionarioen dimisioak

Hainbat manifestazio egin dituzte indultuaren aurka. Herenegun gauean, Poliziak horietako bat desegin zuen Liman, Fujimoriren ospitalera hurbildu nahi zuelako. Justizia Ministerioko Giza Eskubideen Saileko hiru arduradunek dimisioa eman dute indultuarekin ados ez daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.