Irango protesten atzean egotea egotzi die Turkiak Trumpi eta Netanyahuri

Hassan Rohanik adierazi du manifestazioak datozen egunetan amaitzea espero dutela. Milaka lagunek babesa adierazi diote gobernuari

Irango Gobernuaren aldeko manifestazioa, atzo, Qomen. MORTEZA JABERIAN / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk adierazi du AEBak eta Israel Irango manifestazioen atzeandaudela: «Bi pertsonak bakarrik babesten dituzte Irango protestak: AEBetako presidente Donald Trumpek eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk». Çavusogluk adierazi zuen protestak ahalik eta azkarren amaitzea nahi duela Turkiak.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ere Irango gizartean «bakea eta egonkortasuna» bermatu beharra adierazi zion Irango presidente Hassan Rohaniri, telefonoz. Erdoganek protesta baketsurako eskubidearen alde egin zuen, betiere «legearen barruan» egiten bada. Rohanik, berriz, esan zion manifestazioak datozen egunetan amaitzea espero dutela.

Ankararen eta Teheranen arteko harremanak hobera egin du azken hilabeteetan, Errusiarekin batera Siriarako bake akordioetarako negoziazioen ostean.

Protestei aurre egiteko, milaka manifestari kalera atera ziren atzo, gobernuaren defentsan. Manifestari horiek protesten amaiera eskatu dute, eta AEBen eta Israelen esku hartzea kritikatu. PDKI alderdi kurduak, berriz, nazioarteari eskatu dio «herritarren demokraziaren aldeko borroka» babesteko. Orain arteko manifestazioetan hogei lagun baino gehiago hil dira, eta mila baino gehiago atxilotu ditu Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.