Urte amaieran inflazioa jaisteak gutxiago higatu du erosteko ahalmena

Prezioak %1,1 igo ziren iaz Hego Euskal Herrian, pentsioen %0,25eko igoeraren gainetik, baina itundutako soldatak baino gutxiago

Iker Aranburu -

2018ko urtarrilak 13
Erregaiek baldintzatutako urtea izan da 2017a prezioentzat. Goitik behera egin du nabarmen, gasolinaren eta gasolioaren prezioaren erritmoan. Ez da, berez, merkatu egin direla, baizik eta aurreko urtearen aldean gorabehera handiak izan direla. Zorionez herritar gehienentzat, urtea beheranzko bidean amaitu du inflazioak, %1,1ean, eta erosteko ahalmenaren galera txikitu die askori, eta urtearen amaieran irabazi txiki bat izatea eragin die besteei.

2017. urtea sekulako igoerarekin hasi zuen, 2016ko abenduaren %1,6tik 2017ko urtarrileko %2,9ra igo baitzen, erregaiaren eta argindarraren bat-bateko igoera handien ondorioz. Datu horrek sindikatuen kezka piztu zuen, langileen eta erretiratuen erosteko ahalmenean galera handia ekarriko zuelakoan. Lasaitzeko deia egin zuen Espainiako Gobernuak, urtearen erditik aurrera jaitsiko zela ziurtatu baitzuen, eta hala izan da.

Inflazioaren maila txikia ez da berri txarra langileentzat, haietako batzuek behintzat erosteko ahalmen pixka bat berreskuratu ahal izan baitute. Lan Harremanen Kontseiluak emandako azken datuek, azarokoek, erakusten dute %1,45 izan dela batez besteko soldata igoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenetan. Arazoa da ia 350.000 langile daudela lan itun berriturik gabe, eta haietako batzuek ez zuten iaz soldata igoerarik izan.

Langile publikoen soldatak, berriz, %1 igo zituzten iaz Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde publikoek, eta, hortaz, ez dute galera handirik izan. Aurten %1,5 igoko dizkiete, Espainiako Gobernua aurrekonturik gabe izateak gauzak pixka bat nahastu diruen arren. Jaurlaritzaren aurrekontuek diote Madrilek igoera baimendu bitartean Ā«behin-behineko osagaiĀ» bat emango zaiela.

Erosahalmenaren galera garbia izan dute, berriz, Hego Euskal Herrian Gizarte Segurantzaren pentsio bat jasotzen duten 628.247 lagunek —abenduaren 1eko datua—, haien pentsioak %0,25 igo baitziren iaz.

Aurten ere galdu egingo dutela espero da, bosgarren urtez jarraian, Madrilek %0,25 emendatu dielako hileroko saria, legeak baimentzen duen kopururik txikiena.

INEk zabaldutako datuen arabera, 2017. urtean jatetxeak eta hotelak garestitu dira gehien: %2,5 Nafarroan, eta %1,8 EAEn. Batezbestekotik gora garestitu dira edari alkoholdunak eta tabakoa (%1,3 eta %1,8), garraioa (%1,1 eta %2) eta elikagaiak ere (%0,3 eta %1,8). Merkatu egin dira, berriz, aisialdia eta kultura (-%1,4 Nafarroan eta -%0,3 EAEn), eta altzariak eta etxerako beste elementuak (-%0,8 eta -%0,7).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna