Bankuek osorik hornituko dute kreditu ustelak ez kobratzeko arriskua

Zortzi urte arteko epea emango die EBko lege berriak dirua biltzeko. Zintzilik dagoen zorra salerosteko merkatuak sustatuko dituzte
Valdis Dombrovskis EBko presidenteordea, atzo.
Valdis Dombrovskis EBko presidenteordea, atzo. LUKASZ KOBUS / E. BATZORDEA

Ivan Santamaria -

2018ko martxoak 15
Banku batasuna indartzeko egin beharreko urratsen artean lehentasuna hartu izan du kreditu ustelen arazoak. Europako bankuek oraindik ere 910.000 milioi euro pilatuak dituzte ordaindu gabeko maileguetan. Arriskuak partekatu baino lehen, arrisku horiek gutxitzeko neurri zorrotzak exijitu dituzte Alemaniak eta batasuneko beste herrialde kreditu-emaileek. Batzordeak atzo aurkeztutako proposamena bide horretan eginiko ekarpena da.

Bankuek osorik estali beharko dituzte ordaintzen ez diren kredituen balizko galerak. Finantza erakundeek ez badute dirurik hornitzen, ezin dituzte mailegu horiek ezabatu, eta euren errentagarritasuna edo bideragarritasuna bera kolokan gera daiteke pilatzen hasten badira. Bermea duten kredituentzat —hipotekak, esaterako— zortzi urteko epea emango zaie bankuei estaldura gauzatzeko, %40 gutxienez lehen bost urteetan. Atzeratuta egon arren, zorra oraindik kobratzen ari badira, estaldura %80ra jaisteko aukera izango dute. Bermerik ez duten kredituen balizko galerak bigarren urterako hornituta izan beharko dituzte.

Neurriek etorkizunean sinatuko diren mailegu berrietan ezarriko dira. Ez dute balio, hortaz, finantza krisiari lotutako kreditu ustelen arazoa konpontzeko. EB osoan %4,4 baino ez dira ordaindu gabeko kredituak, baina alde handiak daude herrialdetik herrialdera. Grezian %46 dira, Zipren %32, Portugalen %14 eta Italian %12. Azken herrialde horretan kezka handia eragin du finantza sektorearen egonkortasunerako eragin ditzakeen arazoak. Orotara, kreditu ustelen erdia baino ez dute hornituta batasuneko bankuek. Ordainketa 90 egun baino gehiago atzeratzen denean sailkatzen da mailegu bat ordaindu ez izateko arrisku gisa.

Aurrera begira, zorra kitatzeko prozedura errazteko neurriak ere jarri nahi dituzte indarrean. Berme gisa jarritako aktiboa berreskuratzeko aukera eman nahi zaie bankuei, auzitara jo behar izan gabe. Kasu horretan, soilik enpresei emandako maileguetan egongo da prozedura azkar hori zabalik, eta kontratua sinatzen denean zehaztu beharko da erabiltzea posible izango den edo ez.

Putreentzat merkatua

Osorik hornitzea ez da izango bide bakarra ordaindu gabeko kredituak gainetik kentzeko. Europako Batzordeak aukera ikusten du bigarren mailako merkatu bat sortzeko, zintzilik dagoen zorpetze hori salerosteko; Europan gutxi garatu den bidea, baina AEBetan nahiko zabalduta dagoena. Azken finean, enpresa espezializatuak dira —sarritan, putre funtsek kontrolatuta—, zor hori erosi, eta berandutu den zordunaren atzetik ibili ohi dira, diruaren parte bat berreskuratzeko ahaleginean. Europako merkatu bat sortzea da Bruselaren ideia. Hau da, enpresa batek aukera izatea beste herrialdeetako kreditu ustelak erosteko. Finantza ikuskatzaileei komunikatu beharko diete horrelako aktiboak erosi dituztela. Jabetza eskualdatuta ere, zorduna babesteko «gardentasun eta berme juridikoak» indarrean egongo direla agindu du Bruselak.

Kreditu ustelak salerosteko merkatuarekin batera, estatu kideen esku utzi nahi dute eskala handian halako aktiboak kudeatzeko eredu bat, krisiaren joanean banku txar deitu izan zaien erakundeen esperientzian oinarrituta.

Europako Batzordeko presidenteorde Valdis Dombrovskisen aburuz, kreditu ustelak gutxitzean «kreditu gehiago eskaini ahalko zaie familiei eta enpresei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna