Elsa Artadi JxCren bozeramaileak babesa jaso du presidentegai izateko

Kataluniako Presidentetza Legearen aldaketa saioan mantendu ala ez erabakiko dute gaur. JxC asteburuan da inbestiduraz hitz egitekoa

Elsa Artadi bere bulegora bidean, duela hiru aste, parlamentuan. Q.GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Elsa Artadi JxC Junts Per Catalunyako bozeramailearen izena aspalditik agertzen da Kataluniako Generalitateko presidentegai izateko egindako kinieletan. Carles Puigdemonten hautagaitza bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak joan den ostegunean, eta, orain arteko diskurtsoa aldatuta, JxCk hurrengo egunean iragarri zuen ez duela behartuko «desobedientzia egoerarik». Aurrekoetan ez bezala, oraingoan JxCren eta ERC Esquerra Republicanaren babesa esplizituki jaso du Artadik. «Gaitasuna duen emakume bat da. Badaki nire erabateko babesa duela», adierazi du Jordi Sanchez JxCren zerrendako bigarrenak, kartzelatik ACN albiste agentziari bidalitako gutunean. Pere Aragones ERCren presidentziaren ondokoak, bestalde, ez du eragozpenik jarri. «Proposamena Artadi bada, guregatik ez da arazorik egongo», adierazi zuen atzo RAC1 irratian egin zioten elkarrizketan.

Nabarmendu zuen, dena dela, oraindik ere ez dagoela izenik, presidentegairik, mahai gainean. Izan ere, Puigdemont etzi da hitz egitekoa JxCko diputatuekin inbestiduraz, Berlinen. Parlamentariak igandean dira Kataluniara itzultzekoak, eta, ziurrenik, asteburuan jakinaraziko dute zein den eman beharreko hurrengo pausoa inbestidurari dagokionez.

Asteburura heldu aurretik, halere, gaurko osoko bilkura deituta dago Kataluniako Parlamentuan (11:00). Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak 11 puntu sartu ditu gai zerrendan, eta azkenekoa da Presidentetza Legearen erreformarena. Puigdemont telematikoki presidente inbestitu ahal izateko asmoarekin bultzatu du aldaketa JxCk. Baina ikusteko dago gai zerrendan mantendu eta eztabaidatzen eta bozkatzen duten ala ez. Ciutadansek Parlamentuko Mahaiari eskatu dio kendu dezala zerrendatik, baina Bozeramaileen Batzarrak du azken hitza, eta saioa hasi aurretik hartuko du erabakia. Osoko bilkura bihar da amaitzekoa.

Puigdemonten hautagaitza, dela telematikoa, dela presentziala, baliogabetu egin du Konstituzionalak, tramiterako onartuz Espainiako Gobernuak joan den urtarrilean jarritako helegitea. «Gatazkaren okerreko norabidea» elikatzea litzatekeela iritzita, JxCk ez du asmorik erabaki horri desobeditzeko. Baina ez dizkio ateak itxi nahi Puigdemonten balizko inbestidura bati, eta, hori telematikoki gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da Presidentetza Legea aldatzea. Kontua da Espainiako Gobernuak, ia ziur, Konstituzionalean inpugnatuko duela balizko erreforma. Estatutu Bermeen Kontseiluak, berriz, erreforma aurrera ez eramatea aholkatu du, argudiatuta estatutua eta konstituzioa urratzen dituela.

Gaur erabaki bat hartu ondoren egingo dute bilera, etzi, Berlinen. Eta JxCkoen batzar horretan hiru aukera edukiko dituzte mahai gainean. Batetik, beste presidentegai bat proposatzea, laugarrena,eta, hala —JxCren esanetan—, «behin-behineko» gobernu bat osatzea, 155.a kentzea eta hauteskundeak saihestea. Itxura guztien arabera, Artadi litzateke hautagaia. Bigarrenik, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenari heldu, eta Sanchez hautagai proposatzea berriro. Eta, hirugarrenik, hauteskundeetara deitzea, ikusita Espainiako Estatuak betoa jarri diela hiru presidentegairi —Puigdemonti, Sanchezi eta Jordi Turulli—. Kataluniako bi indar subiranista nagusietako iturriak aipatuz zenbait komunikabidek kaleratutakoaren arabera, lehen aukerak du babesik handiena JxC, ERC eta PDeCATeko kideen artean

ANCren kontsulta

ANC Biltzar Nazional Katalanak bere bazkideei galdetu die ea onartuko zuketen Puigdemontena ez den beste hautagaitzarik. Bihar eta etzi bozkatzeko aukera edukiko dute. Hori bai, Elisenda Paluzie ANCko presidenteak ez dio muzin egiten bozak berriz egiteari, eta herenegun adierazi zuen alderdi subiranistek «azalpenak» eman beharko dituztela ez baldin badute «gobernu legitimoa» berriz ezartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.