Miren Amuriza.
BIRA

Txokolatea

2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Txokolate ontzatxo bat jango dut, pentsatu duzu. Klask, erdibitu da almendra. Umm… Ze ona. Tira, bestetxo bat. Umm… Beste bat, azkena. Tira, beste bat ilara amaitzearren. Dagoeneko irensten ari zara dastatzen bainoago. Azkena, hurrengoa azkena… Alperrik zabiltza, joana zaizu eskuetatik; meditazio ikastaro hartan gertatu zitzaizun bezala: monitoreak burua zuri uzteko agindu eta zuk zeure baitarako 'kaka! pentsatzen-ari-naiz-pentsatzen-ari-naiz-pentsatzen-ari-naiz...' errepikatzen zenuenekoaz; zelan disimuluan begi bat ireki eta besteak hain kontzentratuta ikustean, egoera kontrolpean ez zeukan bakarra zeu zinela sinetsi zenuen. Bien bitartean bost, sei, zazpigarren ontza ahora. Joder. Gisako pultsioak kirola eginez apaltzen dituen jende izerditu irribarretsuarekin akordatu zara. Eta zu hortxe, txokolatea jan eta jan… Baina eskerrak ahulak garen. Baita zera ere, ia tableta osoa irentsi dut eta! Eta, halere, asetzen ez... Zelan aseko zara, goserik ez bazeneukan? Antsietatea? Keba, orain zernahiri esaten diote «antsietatea», baina hori, finean, ez da tranpa bat besterik; sakoneko korapilotxoak ez izendatzeko tranpatxoa. Bat-batean, non ikusten duzun zeure burua, atzamar puntak eta muturra zikinduta, txokolatearen bilgarriarekin bola bat egiten. Azkena, azkena izango zela esan dut baina… Lasai, autokontrola gainbaloratuta dago eta txokolatea merke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.