Miren Amuriza.
BIRA

Hiru-hankan

2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Sarri erortzen naiz (literalki), zuetako batek baino gehiagok jakingo du zertaz ari naizen. Eroriko batzuk bat-batekoak izaten dira: mendian behera zoazela, bat-batean, ipurdia bustita nabaritzea lakoak. Beste batzuk kamera geldoarekin hartuak diruditenak, «jausten-ari-naiz, jausten-ari-naiz, jausten-ari-naiz» pentsatzeko astia ematen dutenak: eskailerak jaisten hasi eta bi, lau, sei maila bilin-bolaka egitea, adibidez.

Orain hurrengoan kalean nindoan, telefonoari begira, eta ohartzerako espaloian nengoen lau-hankan. Tira, lau ez, hiru-hankan, mugikorra neroan eskuari airean eutsi bainion (lehenago txikituko nituzke, genituzke, haginak; pentsa zenbateraino dauzkagun telefonoak geuretuta!). Zutitu orduko begiratu nuen atzerantz eta ez dakit, egia esan, inork ikusi ez ninduela ziurtatu gura izan nuen edo, sakon-sakonean, desiatzen nengoen norbait ondoalzaude-ka hurrera zekidan. Minbera neuzkan belaunak, negarrez hasteko tentaziotxoa... Negar norentzako, baina? Ezer gertatu izan ez balitz lez jarraitu nuen aurrera, «heltzea hauxe izango da» pentsatuz. Mina pasatu, ahaztu egin zitzaidan, baina nago, alboan baten bat eduki izan banu, gehiago iraungo zidala. Txiklearena gertatzen baitzaigu askotan penak kontatzen hasten garenean: neurrigabe, alferrik puzten ditugula, harik eta geure (edo inoren) muturretan lehertzen zaizkigun arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.