Frantzian 'apartheid'-a dagoela adierazi du Valls lehen ministroak

Parisko atentatuei lotuta, Vallsek erran du periferien egoera soziala ere aztertu behar dela.

Gobernuak kontrol neurriak aztertuko ditu gaur
Manuel Valls, atentatuetan gatibuei lagundu zien Maliko etorkin bati Frantziako herritartasuna emateko ekitaldian, atzo, Parisen.
Manuel Valls, atentatuetan gatibuei lagundu zien Maliko etorkin bati Frantziako herritartasuna emateko ekitaldian, atzo, Parisen. IAN LANGSDON / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 21
«Azken egunok erakutsi dute gure herrialdeak zer-nolako gaitzak dituen eta zer erronkari egin beharko dien aurre. [...] Hirien periferietaranzko bazterketa, lurralde, gizarte eta etnia apartheid bat ezarri da gure herrialdean». Manuel Valls Frantziako lehen ministroak egin zituen adierazpen horiek atzo, prentsaren aitzinean egindako agerraldi batean. Muturreko islamistek Parisen egindako atentatuetatik igaro diren bi asteotan, luze eta zabal eztabaidatu da bilgune anitzetan erasotzaileen eta, oro har, indarkeria hori sortzeko azalpenen inguruan, baina agintariek, Frantziakoek nahiz Europakoek, segurtasunean zentratu nahi izan dute diskurtsoa. Valls izan da lehenbizikoa Frantziaren barne arazoei buruz mintzatu dena. Ministroen kontseiluak kontrolerako neurri bereziak eztabaidatzeko bileraren bezperan.

Bi asteotan, Vallsek jarrera gogorra mantendu du. «Terrorismoarekin gerran» daudela erran du behin baino gehiagotan, eta irmo defendatu du zaintza eta kontrola areagotzeko neurri bereziak hartzeko beharra. Kritikei erantzuteko, erran du ez direla «salbuespenezko neurriak». Atzo, gogoetari garrantzi handiagoa eman zion. «Kontua ez da aitzakiarik txikiena ere bilatzea, baina gure herrialdearen egoerari begiratu behar zaio». Egun hauetan egin diren analisi anitzetan bezala, 2005ean hiri handietako periferietan gertatutako matxinada aipatu du arazoaren sintoma argitzat, eta erran du berak jada orduan ohartarazi zuela —parlamentaria eta Paris ondoko Evry hiriko alkatea zen—. «Miseria soziala», arrazakeria eta sexismoa aipatu ditu «apartheid» horren osagaien artean, eta erran du egoera gainditzeko belaunaldi bat beharrezkoa izanen dela.

Vallsek apartheid hitza erabili izanak haserretu egin ditu eskuineko eta eskuin muturreko politikari batzuk. «Grigny edo Aulnay [Paris ondoko hiriak] ez dira Soweto. Eta Kouachi [Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuaren ustezko egileen abizena] ez da Mandela. Vallsek ez badu pentsatzen bera De Klerk dela behintzat [apartheid garaiko Hegoafrikako azken presidentea]», idatzi du Twitterren Pierre Lellouchek, UMPko diputatuak. «Suari erregaia bota dio, frantziar taldeak bultzatu baititu komunitateetan banatutako pentsaera bat hartzera», adierazi du, berriz, Floriane Philippot Fronte Nazionaleko europarlamentariak ohar baten bidez.

Nahiz eta Vallsen barne-kritika kutsuko adierazpen horiek berrikuntza bat izan diren, gobernuak bere asmoei eutsiko die, eta gaur ministroen kontseiluan eztabaidatuko dituzte kontrola zorrozteko neurriak. Europako Batzordeak ere bihar eginen du bilera bat «segurtasun agenda» eztabaidatzen hasteko.

Sarekada Alemanian

Parisko atentatuen ondotik —hamazazpi lagun hil zituzten, eta ustezko hiru erasotzaileak hil zituen Poliziak—, bi astean hainbat sarekada egin dituzte EB Europako Batasuneko herrialdeetan, ustezko muturreko islamisten sareen aurka. Alemanian, hamabortz lagun atxilotu dituzte Berlinen, eta Brandenburgo eta Turingia estatuetan, Siriara borrokalariak bidali eta ekartzeko sare batekin zerikusia dutelakoan. Poliziak bukatutzat eman du operazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna