Kutxabankek, Bankiak eta Sabadellek ez dute komisio bikoitzik kobratuko

Dirua ateratzeagatik bi aldiz ez kobratzea hitzartu dute hamahiru bankuk.Madrilek ez du baztertzen neurriak hartzea komisio bikoitza kentzeko

Herritar bat dirua ateratzen kutxa automatiko batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euro 6000 sarea osatzen duten bankuek —tartean, Kutxabankek—, Banco Sabadellek eta Bankiak ez diete bi aldiz kobratuko bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen duten erabiltzaileei. BBVAk eta Caixabankek abiatutako bideari ez jarraitzea erabaki dute, eta elkarren bezeroei komisio bikoitza ez kobratzeko akordioa sinatu dute. Hau da, hemendik aurrera ere, Kutxabankeko bezero batek Sabadellen kutxa automatiko batetik dirua ateratzen duenean, orain arte ordaintzen zuen komisioa pagatu beharko du, beste gehigarririk gabe.

Akordioaren sinatzaileek aurrerapausotzat jo dute komisio bikoitza baztertzea. Baina Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak ohartarazi du akordioak ez diela hobekuntzarik ekarriko kontsumitzaileei, banku sinatzaileek gaur egungo egoera berretsi besterik egin ez dutelakoan. Komisio bikoitzen aurka protesta egitera deitu ditu herritarrak.

Auzia zeresan handia ari da ematen, eta Espainiako Gobernura ere iritsi da oihartzuna. Berri agentziek zabaldu dutenez, Ekonomia Ministerioak ez du onartuko komisio bikoitzak indarrean jarraitzea. Espainiako Bankuak neurriren bat hartzea espero du, eta bestela ministerioa bera prest legoke neurriren bat hartzeko, komisio gehigarria ezabatzeko.

Elkarren bezeroei ez kobratzeko akordioa sinatu duten bankuek 17.730 kutxa automatiko dituzte: 5.559 Bankiak, 3.246 Sabadellek (Guipuzcoano ere berea da), 1.642 Kutxabankek eta 7.300 Euro 6000 sareko gainontzekoek (Ibercaja, Liberbank, BMN, Abanca, Unicaja, Caja España-Duero, CajaSur, Caixa Ontinyent, Caixa Pollença, Cecabank).

Orain arte, dirua ateratzean ordaintzen zen komisioa ez zuten kobratzen kutxa automatikoaren jabe ziren bankuek, txartelaren igorle zirenek baizik; horiek ehuneko txiki bat ematen zioten gero, dirua ateratzen zen kutxa automatikoaren jabeari. Sistema hori, ordea, hankaz gora jarri zuen Caixabankek, martxoan: lehengoaz gain, bi euroko komisioa kobratzen hasi zitzaion bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen zuen bakoitzari, baldin eta bere bezeroa ez bazen. «Neurri logikoa iruditzen zaigu, kutxa automatikoak berritzeko 500 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki ondoren», argudiatu zuen. Sistema bera jartzeko asmoa duBBVAk, astelehenetik aurrera.

Batak zein besteak kontsumitzaile elkarteak izan dituzte aurrez aurre. Haien arabera, zerbitzu batengatik bi komisio kobratzea legez kanpokoa da eta auzian esku hartzeko eskatu zien Espainiako Bankuari. Hark ohar bat kaleratu zuen uztail amaieran. Bertan zioen komisio bakarra kobratu daitekeela, eta finantza sektoreko zenbait erakunderi idatzi bat bidalia ziela «beharrezko» neurriak har zitzaten. Hilabete eta erdi pasa da geroztik eta oraindik ez dute atzera egiteko asmorik erakutsi Caixabankek eta BBVAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.