Estatuak eskatu baino 93 milioi gutxiago ordaindu ditu Nafarroak

Urteko laugarren ordainketa 60 milioikoa izan da, 153koa izan ordez. Aranburuk dio Nafarroak dirua berreskuratuko duela akordiorik badago
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, atzoko agerraldian.
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, atzoko agerraldian. V. LOPEZ / EFE

Irune Lasa

2016ko abenduak 31
Nafarroako Foru Gobernuarentzat bidezkoa den baino gehiago, baina Madrilek erreklamatu baino gutxiago. Azkenean, Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenengatik 520 milioi euro ordaindu dizkio aurten Espainiako Estatuari; hau da, Madrilek eskatu baino 93 milioi euro gutxiago. Horretarako, urteko laugarren ordainketan 60 milioi euro soilik pagatu dituztela argitu zuen atzo Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak. Espainiako Gobernuak aurretik esana zion 153 milioi euro ordaindu behar zituela, aurten egindako beste hiru ordainketen kopuru berbera.

Estatua konforme utziko ez duen 520 milioi euroko kopuruak, dena den, ez du gogobetetzen Nafarroako Gobernua ere, zeren, horren ustez, 2016an estatuari egin beharreko ekarpenak 340-490 milioi eurokoa izan beharko bailuke.

Ondorioz, Aranbururen ustez, azken kopuru «zuhurra» gehiago hurbiltzen da Espainiako Ogasun Ministerioaren nahietara. Hori bai, «oso litekeena da behin akordio finko bat iritsitakoan kopuru horren zatiren bat itzuli behar izatea Nafarroari».

2015-2019. urteetarako akordio baten falta da, hain zuzen, ekarpenari buruzko desadostasun horien guztien iturri nagusia. Bost urtean behin zehazten dute bi aldeek zenbat ordaindu behar duen Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenengatik. Hala egin zen azken aldiz 2010ean, 2014. urtera artekoa hitzartuta.

Kalkulu hori automatikoki luzatu da, 2015-2019 eperako ekarpenetarako kalkulua zehazteko akordiorik ez baita izan. Ia bi urtez negoziazioak etenda egon dira, besteak beste, Madrilen gobernua osatzeak oso luze jo duelako. «Akordioa gehiegi atzeratzen ari da», aitortu zuen atzo bertan Mikel Aranburuk.

Nafarroa, kaltetua

Azken ordainketan Espainiako Estatuaren erreklamazioa ez betetzeko argudioa eman zuen atzo kontseilariak: «Ez gabiltza jolasean herritarren diruarekin; 2010etik aplikatzen den behin-behineko sistemak ekarpena neurri gabe handitu duela uste dugu. Ez da bidezkoa adostu gabeko urteetan foru ogasuna izatea kaltetua».

Kalkulu berria hitzartzeko negoziazioak laster hastea espero du Aranburuk, baita 2015. eta 2016. urteetako likidazioak ixtekoak ere. Iaz ere Espainiari egiaz zegokion baino dezente gehiago ordaindu ziola uste du Uxue Barkosen gobernuak: 590 milioi euro pagatu zizkion, nahiz eta 2015. urteko ekarpen oinarriak 341 milioi eta 494 milioi euro artekoa izan behar zuen, Ogasun Departamentuak egindako txosten baten arabera. Hau da, iaz, gutxienez, behar baino 100 milioi gehiago ordaindu zituen Nafarroak, eta, gehienez, 250 milioi euro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna