Ezkertiarrenen garaipenak zaildu egin dio Vallsi Frantziako PSren gidaritza

Benoit Hamonek botoen %36 jaso ditu, eta lehen ministro ohiak, %31. Montebourgek Hamon babestuko du, igandean, bigarren itzulian

Benoit Hamon, irabazi zuela jakin ostean, herenegun. JEREMY LEMPIN / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako lehen ministro ohi Manuel Vallsek —eta Frantziako Gobernuaren zuzendaritzak— gustuko ez duen mezu bat jaso du herenegungo primarioen lehen itzulian: bozketan parte hartu duten militante eta zale gehiago daude sektore ezkertienarekin, François Hollanderen politikekin kritiko izaten ari direnekin, Benoit Hamonek aurrea hartu baitio Vallsi. Hamonek botoen %36ko babesa eskuratu zuen herenegun, eta Vallsek, berriz, %31koa. Hirugarren geratu da Arnaud Montebourg (%18), gobernuarekin oso kritiko hori ere, eta Hamon babestuko duela iragarri du, emaitzak jakin bezain pronto.

Datorren igandean erabakiko dute nork gidatuko duen Frantziako Alderdi Sozialista, primarioen bigarren itzulian, baina irabazten duenak, irabazita ere, alderdia bitan ez banatzeko ahalegina egin beharko du, gaur-gaurkoz ia ezinezkoa dirudiena: krisi existentzialista larriaren erdian, ezagun diren politiken jarraipena egitea (Valls), edota kutsu ezkertiarragoa izango duten politika berriak islatzea dago jokoan (Hamon-Montebourg). Alderdiaren barruko banaketa agerikoaz gain, militanteen eta zaleen deskontentua da herenegungo emaitzek utzi duten beste mezuetako bat: 1,6 milioiko parte hartzea izan da, alderdiak esperotako 2 milioietatik urrun; 2011ko primarioen lehen itzulian, 2,6 milioikoa izan zen. Azaroan eskuinak egin zituen primarioetan, berriz, 4,2 milioik hartu zuten parte.

Aste erabakigarria

Aste honetan agenda betea dute bi hautagaiek: bilera publikoak batetik bestera, telebista eztabaida etzi, eta mitin jendetsuak kanpaina ixteko, ostegunean. Tarte horretan bi liderrak saiatuko dira militanteak bereganatzen, beren ideiak plazaratuz.

Printzipioz, Manuel Vallsek uste baino babes gutxiago jasota eta Arnaud Mortebourgek Benoit Hamon babestuta, sozialisten alde ezkertiarrenak dauzka aldeko indar gehiago etorkizunari begira, baina «ez dago ezer erabakita», Vallsek aurreratu duenez. Bera da, hark esandakoaren arabera, aukera daukan bakarra, zentro-ezkerraren ordezkari gisa, apirileko eta maiatzeko presidentetzarako hauteskundeetan. Baina ez dator bat Hamon baieztapen horrekin. Uste du François Hollanderen gobernuak, ezkertiarrez hustu duela alderdia, neurri liberalen ondorioz, eta «orrialdea pasatzeko borondate argia» erakutsi dutela igandeko emaitzek.

Montebourg eta Hamon Hollanderen gobernutik bota zituzten 2014an, presidentearen erreformen aurka egoteagatik —lan erreformaren kontra bereziki—. Vallsek esana du Hollandek egindako politikak defendatuko dituela, orain arte egin duen bezala.

Euskal Herriari buruz ere oso bestelakoa da Vallsen eta Hamonen jarrera: Hamon Bakea Bidea eta Bizi mugimenduko kideekin elkartu zen, urtarrilaren hasieran. ETAren armagabetzean inplikatzeko eskatu zion Frantziako Gobernuari, eta euskal presoen hurbilketaren alde agertu zen. Vallsek, berriz, gatazka politikoa ukatu egiten du, eta, armagabetzearen inguruan, azaldu izan du «terrorismoaren kontra borroka» besterik ez dela bidea.

Inkesten arabera, sozialistak bosgarren lekuan geratuko dira datozen Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehian, eta bigarren itzulian lehiatzeko faboritoak dira, berriz, François Fillon eta Marine Le Pen, alegia, eskuina eta eskuin muturra. 2002ko egoera bera errepikatuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.