Turkiak martxan jarri du Afrin barruti kurduaren aurkako operazioa

Turkiak 70 jaurtigai bota ditu Siriako Kurdistango hainbat herritara, YPGk salatu duenez. Oposizioko FSA miliziaren laguntza du Ankarak

Turkiako tankeak, Afringo mugan, artxiboko argazki batean. SEDAT SUNA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Egun ugari zeramatzan mehatxatzen Turkiak, eta esandakoa bete zuen atzo: Siriako Rojavako Afrin barrutiari erasotzen hasi da. Nurettin Canikli Defentsa ministroak adierazi du operazio militarra «de facto» martxan dela, helburu garbi batekin: «Operazioa egin egingo da. Erakunde terrorista garbituko dugu». Kurdistango YPG Herriaren Babes Unitateei egin die erreferentzia hitz horiekin. YPG milizia kurduaren esanetan, Turkiako armadak gutxienez 70 jaurtigai bota ditu Afringo hainbat herritara.

YPG da indar nagusia Afrinen, baina kurduen kontrolpeko gainontzeko lurraldeetatik bananduta dago eremua. Turkiaren menpeko lurrekin egiten du muga iparraldean eta mendebaldean, eta Ankararen laguntza duten oposizioko miliziekin hegoaldean eta ekialdean.

Caniklik adierazi du tropak ez direla sartu barrutian, baina mehatxu egin du: «Afringo operazioak luze iraun dezake, baina terroristak bizkor desegingo dira». Kurduak, ordea, prest agertu dira Turkiaren erasoei erantzuteko. «YPG prest dago Turkiako tropei eta FSA Siriako Armada Askeko terroristei aurre egiteko. Erasotzera ausartzen badira, prest gaude banan-banan Afrinen lurperatzeko», azaldu du YPGko bozeramaile Rojhat Rojek.

FSAko kideak Turkiatik Siriara igarotzen ari direla azaldu du Hurriyet egunkariak, ustez Turkiako armadari laguntzeko. Errusiako tropak barrutitik irteten ari dira, Anadolu albiste agentziaren arabera. Izan ere, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk herenegun adierazi zuen Afrinen gaineko erasoaldia Errusiarekin koordinatuta egingo dutela.

Halere, YPGk gezurtatu egin du Errusiako tropen inguruko berria. «Ez da egia; militar errusiarrek euren postuetan jarraitzen dute», esan du Rojek. Miliziako bozeramaileak gehitu du Errusiako armada «begirale» gisa dagoela eremuan.

AEBak, erasoaren aurka

AEBetako Estatu Departamentuak kurduen alde egin du, etaHeather Nauert bozeramailea Turkia Afrinen sartzearen aurka agertu zen ostegunean: «Halako neurririk ez hartzeko esango diegu». YPG AEBen aliatu izan da EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran, SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioaren barruan.

AEBetako ordezkari militarrek aurreko asteburuan adierazi zuten 30.000 kideko armada bat trebatzen hasi direla, milizia kurduekin eta aliatu arabiarrekin. Horiek SDFk kontrolatutako eremuetan zabaltzea lukete helburu. Washingtonek berria gezurtatu zuen, baina Siriako Gobernuaren, Errusiaren, Iranen eta Turkiaren haserrea eragin zuen esandakoak. Turkiarentzat PKK Kurdistango Langileen alderdiaren aliatua da YPG, eta hura «talde terrorista bat» da Ankararentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.