Iruzurra salatu dute Osakidetzako oposizioetan, eta espedientea ireki dute

Sindikatuek jakinarazi dutenez, espezialitate batzuetan %10ek gainditu dute, eta alde handia dago notetan; susmoa dute «filtrazioa» izan dela

Oposiziogileak, Osakidetzako azterketa egiten. JUANAN RUIZ / FOKU.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek salatu dute «irregulartasunak» izan direla Osakidetzako lan eskaintza publikoko azken probetan. ELAk adierazi du «oso proba zailak» jarri dituztela espezialitate batzuetan, eta «oposiziogileen %10ek baino gutxiagok» gainditu dutela. Areago, ohartarazi du gainditutakoen notak gainerako hautagaienak baino askoz altuagoak direla. Ikerketa «azkar, fidagarri eta independente bat» galdegin du. Hain justu ere, Osakidetzak jakinarazi du espediente bat ireki duela angiologia eta hodietako kirurgia espezialitateko probari buruz, epaimahaiko kide batek egindako salaketen ondoren. Hala ere, nabarmendu duenez, epaimahaiak berretsi du azterketako probak egokiak direla.

Sindikatuen esanetan, salaketa ugari jasotzen ari dira Osakidetzaren azterketetan irregulartasunak izan direla eta. ELAk adierazi du «harrituta» dagoela proben emaitzekin, kontuan hartuta Osakidetzan urteak daramatzaten medikuak aurkeztu direla. «Emaitzei erreparatzen badiegu, badirudi medikuen portzentaje txiki bat besterik ez dagoela gaitua Osakidetzan lan egiteko».

LABen arabera, jasotako salaketek aditzera ematen dute «filtratu» egin zutela proben edukia. Areago, ohartarazi du ez dela «lehen aldia» Osakidetzan hori gertatzen dena. «Hainbat medikuk aitortu dutenez, irregulartasun horiek ez dira une jakin bateko kontua: sarri gertatzen dira halakoak mediku espezialistaren lanpostua lortzeko probetan». Salatu dute «nagusiek hautatuek bakarrik» lortzen dutela lanpostua.

ELAk eta LABek bakarrik ez, Medikuen Sindikatuak ere irregulartasunak salatu ditu. Azaldu du kalifikazioei gertutik jarraitu dietela, eta filtrazio zantzuak ageri direla, alde handia baitago nota batetik bestera. Osakidetzari eman diote horren berri.

Salaketa «oportunistak»

Osasun Sailak «oportunistatzat» jo ditu salaketak, eta gaitzetsi du ELAk eta LABek ez dutela parte hartu lan eskaintzarako prozeduran. Nabarmendu du probetako epaimahaiak «independenteak» direla, Osakidetzako langileek osatzen dituztela eta «errespetua» merezi dutela. EH Bilduk aurreratu du datorren astean esplikazioak eskatuko dizkiola Jon Darpon sailburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.