Guardia Zibilak 51 pertsona atxilotu ditu ustelkeriaren kontrako operazio batean

Herri lan eta zerbitzu publikoen adjudikazio okerrekin bi urtean 250 milioi eskuratzea leporatzen diete.

Francisco Granados, atxilotuen artean
Francisco Granados, Guardia Zibilaren auto baten barruan, atzo.
Francisco Granados, Guardia Zibilaren auto baten barruan, atzo. F. VILLAR / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 28
Madril, Murtzia, Leon eta Valentziako agintari, funtzionario eta enpresariak ustez nahasita dauden ustelkeria sare baten kontrako operazioan, 51 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak. Horien artean daude Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi eta Presidentetza kontseilari ohia —Esperanza Aguirreren bigarrena izandakoa, Suitzako kontu ezkutu batean 1,5 milioi euro zituela jakin eta dimisioa eman zuen arte—, Madrilgo sei alkate, eta Leongo Diputazioko presidentea, Marcos Martinez Barazon.

David Marjaliza eta Alejandro de Pedro Llorca enpresariek udal eta erregio administrazioetan zituzten harremanei esker, herri lan eta zerbitzu publikoen adjudikazioak modu bidegabean eskuratzeko sare bat sortu zutela uste du Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, konkurrentzia askearen printzipioa urratuz, eta horien truke komisioak ordaintzen zizkietela agintari eta funtzionario publikoei. Ustelkeria sareak azken bi urteetan 250 milioi euroko lanak adjudikatu zituela adierazi du Fiskaltzak.

Guardia Zibilaren UCO Operazio Unitate Zentralak, Fiskaltzarekin eta Polizia Judizialarekin batera, 51 pertsona atxilotzeaz gain, 259 miaketa egin ditu Madrilen, Murtzian, Leonen eta Valentzian —nahasita bide dauden alkateen udaletxeetan ere bai—, gama altuko 30 ibilgailu bahitu ditu behin-behinean, eta 400 agindu igorri dizkie banketxe eta aseguru etxeei, kontu korronte eta baloreak blokeatzeko jakinarazpenekin.

Auzitegiko iturriek jakinarazi dute ustelkeria sareak lortutako dirua ez bide zuela alderdi politikoak legez kanpo finantzatzeko erabiltzen, baizik eta auzian nahasitakoak modu bidegabean aberasteko. Iturri horien arabera, lan publikoen kontratuak aldatu egiten zituzten udal agintari eta teknikoen onespenarekin, adjudikazioak nahierara egokitzeko. Madrilen atxilotutako sei alkateetatik lau PPkoak dira, bat PSOEkoa, eta beste bat UDMA alderdikoa; eta seietatik bostek hiru urte baino gutxiago zeramaten udal agintaritzan.

PPk eta PSOEk jakinarazi dute nahasitako politikarien militantzia bertan behera utzi dutela, eta jardunean direnei kargua uzteko exijituko diela erantsi du PPk.

Suitzako bi kontu

2013ko abenduan hasi zuten ustelkeria sarearen kontrako ikerketa, Suitzako Gobernuak erreguzko mandatu baten bidez bi espainiarrek —Granadosek eta Marjalizak— herrialde hartan zituzten kontuei buruzko informazioa helarazi zuenean, dirua zuritzen ari zirelakoan. Suitzak bi kontu horiek blokeatu egin zituen, eta Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak sei hilabetean jardun du auzia ikertzen, ustez diru horren jatorria identifikatu duen arte.

Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak, Espainiako Ogasunarekin eta Guardia Zibilaren UCO unitatearekin elkarlanean, Auzitegi Nazionalera bideratu zuen auzia, eta Eloy Velasco epaileak diligentziak abiatu zituen ekainean. Dirua zuritzea, agiriak faltsutzea, funtzionarioak erostea, influentzia trafikoa, diru publikoak oker erabiltzea, prebarikazioa, sekretuak jakinaraztea, funtzionarioei galarazitako negoziazioak gauzatzea, administrazioaren kontrako iruzurra eta talde kriminal bat osatzea leporatzen die epaileak operazioan nahasita daudenei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna