Serbia kezkatuta dago Haradinajek lortutako garaipenaren ondorioz

Gerrillari ohiak irabazi ditu bozak Kosovon. %59 izan da abstentzioa. Bi herrialdeen arteko negoziazioetan AEBek parte hartzeko eskatu du

Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Kosovoko Parlamenturako hauteskunde kanpainan, aho bizarrik gabe mintzatu zen Ramush Haradinaj PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoak osatu duen aliantza zabalaren hautagaiak. UCK Kosovo Askatzeko Armadako kidea izan zenak adierazi zuen Serbiarekiko gogorrago jokatu beharra dagoela. Herenegun egin ziren bozak, eta PDKren aliantzak irabazi ditu, botoen ia %36 bereganatuta —abstentzioa %59 izan da—. Eta Haradinajen garaipenak eragin ditzakeen ondorioen harira, Aleksandar Vucic Serbiako presidentea kezkatuta agertu zen atzo: «Pristinako gerra koalizioak arazo ugari sorraraziko ditu».

Haradinajek, garaipenaren beroan, ez zituen mintzagai izan Kosovo eta Serbiaren arteko harreman gatazkatsuak, eta mezu baikor bat helaraztera mugatu zen: «Lan asko daukagu egiteko, baina denok batera arazoak konpon ditzakegu eta Kosovoren alde gauza inportanteak egin». Lehen ministro hautatu berria karguan egon zen 2005ean, soilik ehun egunez izan baldin bazen ere

Hori bezain garrantzitsua izango da Serbiarekikoak konpontzea. Biek dute asmo Europako Batasuneko kide bihurtzea, eta, hain zuzen, EBk gidatzen ditu bi estatuen arteko negoziazioak. Haradinajek, baina, AEBek ere elkarrizketatan parte hartzea nahi du.

Kosovo independentea da 2008tik, eta estatus hori 110 herrialdek onartzen diote; ez, ordea, Txinak, Errusiak, Espainiak eta Serbiak berak, esaterako. Eta elkarrizketak berbideratzeko, Haradinajentzat baldintza ezinbestekoa da Serbiak Kosovo estatu independente moduan onartzea. «Gerrako beteranoek irabazi dute, eta horiek dira serbiarrak gehien beldurtu dituztenak», adierazi zuen, atzo, Vucicek.

Kosovoko Gerran (1998-1999) egindako gerra krimenak egozten dizkiote Haradinaji, bi aldiz epaitu dute, eta bietan, 2008an eta 2012an, errugabetu du Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak. Serbiak hura atxilotzeko agindua emanda dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.