garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Sexu-erasoak

2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Esaerak ondotxo dioen gisan, zorria errazago ikusten da beti besteren buruan, eta halaxe gertatu da Alemanian ere, non botilloi moduko festa batean Kolonian, 500 lagunez osaturiko motroilo alkoholiko, euforiko eta zaratatsuaren aitzakian, emakumeak inguratu, gauza baliotsuak ostuz azpiratu eta sexualki eraso baitzituzten (ehundik gora salaketa bildu dira dagoeneko); non, azkenerako, indarkeria matxistari arrazakeria itsatsi baitzaion, erasotzaileek ipar afrikarren jitea dutela aski argi geratu denez.

Xenofobiatik gertu lerratzen direnek Merkeli egotzi diote oker horien errua, errefuxiatuak hartzeagatik, «jendaila horri etortzen uzteagatik», baina beste datu garrantzitsu bat harrigarriki ahantzita: Alemaniako emakumezkoen erdiek, sexu-jazarpena ez bada, erasoa pairatu dutela gutxienik behin bizitzan, eta lautik batek, berriz, etxeko indarkeria, eta kalkuluak egiten hasita, ez dagoela nahikoa kanpotar kasu horien denen ardura leporatzeko.

Zorria errazago ikusten da beti besteren buruan, eta gertatutakoak gertatuta, munduan lasai ibiltzeko aholku mordoa eroriko zaio emakumeari (ez egin hau, erne horri, zaindu hura, bizi beldurrez). Gizonak nolakoa beharko lukeen edo gizonki azaltzeaz, aldiz, lerro bat bera ere ez dut irakurri oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.