BIRA
Denbora-makina
Zientzia fikzioa sobera maite ez zuen gizonak ondoezik eman ditu azken egunok, bere ulermenari ihes egiten dioten gertakariek aztoratu egiten dutelako, eta behin entzunda, ezin izaten dituelako burutik inolaz ere atera, mozkorraldi totalera heldu arte. Oraingoan Albert Bramon fisikan doktoreak du errua, eta denboran bidaiatzeaz La Vanguardia-n azaldu dituen kontuek.
Bi hitzetan esanda, teoriak ez omen liguke eragozpenik jarriko, demagun, 2050era jauzi egin eta geure oinordekoak agurtzeko, baldin eta bidaian argiaren abiadura lortuko balitz. Gero, ordea, ezingo omen genuke orainaldira itzuli. Ezta iraganera jo ere, inoiz. «Nik neronek gurasoen elkar ezagutzea galaraz banezake, neroni izango nintzatekeelako neu ez existitzeko arrazoia. Guztiz kontraesankorra delako finean, eta beraz, ametiezina».
Zientzia fikzioa maite ez eta kontzientzia zikin xamarra duen horri iltzatuta gelditu zaio fisikariaren argudioa. Erantzunik gabeko mila galdera otu zaizkio azalpenaren harira, eta beste horrenbeste katramila eta auskalo zenbat buru-hauste ere bai. Etsiak jo duenean, kezka batek hartu dio gaina, eta errieta egin dio bere buruari, ozen: «Ezinbestean aurrera egitea baldin bada gure natura eta patua, zergatik bizi gara beti iraganera begira?».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.