Miren Amuriza.
BIRA

Alkoholarekin

2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Abisu bat jaso berri dute erabilera anitzeko gune bat (taberna, jatetxea, antzokia...) daroaten ezagun batzuek: adin txikikoak ezin izango dira alkohola kontsumitzen den lekuetara sartu gaueko 22:00etatik aurrera, ezta helduen zaintzapean ere. Arriskua bikoitza da, beraz: gaztetxoak musika, dantza, antzerki edota bertso saioetatik urruntzea eta ezkutuan, ia klandestinoki, edatera bultzatzea.

Badaukagu, bai, arazo bat alkoholarekin: debekuak kezkak sortzen dizkigu eta kontsumoak kontraesanak. Zeren, zergatik ez zara kuadrillako gorabeheren erdiekin ere enteratzen, pintxo-potera joateari uzten diozunean? Edozein ekimenetarako dirua bildu beharra dagoenean, zergatik da barra bat muntatzea bururatu ohi zaigun lehen ideia? Zergatik harrituko litzateke umea gurasoak elkar musukatzen topatzeaz, txispatuta etxeratzen ikusteaz baino gehiago? Lagunarteko afarietan, zergatik justifikatu behar izaten du beti bere hautua edaten ez duenak, eta inoiz ez edaten duenak?

Gogoan dut, txosnetan txandak egiten hasi ginen sasoian, sutsuki eztabaidatzen nuela osabarekin: gazteria bezatzen ari ginela esanaz xaxatzen ninduen. Egundo ez diot arrazoirik eman, baina egia da bestela ulertzen ditudala orain haren berbak. Alkoholak ez baitu zertan arazo bat izan zerbaiten parte denean; bai, ordea, zerbait sostengatzen duenean, izan proiektu bat zein harreman sare bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.