Miren Amuriza.
BIRA

Eskuak lohituta

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Eskuak zikintzen jarraitu gura duela zioen atzo Eneko Sagardoik: aktore gehienek egiten duten moduan furgonetan bidaiatzen, atrezzoa deskargatzen, muntatzen eta antzeztu ondoren berriz jasotzen. Erosoa ei da lanok egin beharrik ez izatea, baina, durangarrak dioen lez, jardunarekiko pertenentzia falta ekar lezake horrek.

Begirunez erreparatu izan diet beti beren koadroak eskegitzen, jantziak tolesten, instrumentuak afinatzen edo eszenografiak muntatzen ikusi izan ditudan artistei (bertsolariok horrelako ardurarik izaten ez dugulako, hainbatean). Eta eskuak zikintzeaz dihardutenean, ez dira purpurinaz ari, noski, lokatzaz baizik; gurean, gaur-gaurkoz, eskuak ez eze oinak ere basaztuta edukitzea suposatzen baitu kulturgintzan aritzeak.

Sortzailetik adina izan ohi du militantetik norbere proiektuaren alde apustu egiteko, publikoarekin konprometitzeko, kritikak entzuteko eta prekarietatea asumitzeko prest dagoenak. Horrexegatik ez didate grazia handirik egiten egundo eskurik zipriztindu barik (edo, eurek esango luketen eran, pertenentziarik ezak ematen dien objektibotasunetik) inoren lana epaitu besterik egiten ez duten horiek; herri-bazkarietara mahaia jarrita dagoenean iritsi eta solomoa lehor dagoelako kexatzen direnek, adibidez. Gintzetan behintzat, eskuak lohituta dituztenak gurago nik; izan kultur, euskal, herri zein bake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.