Miren Amuriza.
BIRA

Pocahontas

2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Nik Pocahontas izan gura nuen. Orein artean saltoka ibiliko nintzen gerrirainoko adatsarekin. Gero mutil exotiko bat agertuko zen, nire John. Gero elkar musukatuko genuen eta haizeak koloretako orbelak harrotuko zituen gure inguruan. Gero bigarren John bat iritsi eta lehenengoarekin borrokatuko zen (nigatik, noski). Gero guapoena aukeratuko nuen eta gero super zoriontsuak izango ginen. The End.

«Pocahontas», izendapen horixe ibiltzen ei du Donald Trumpek Elizabeth Warren senatari demokratari (2020an presidentegaietako bat izan omen litekeenari) erreferentzia egiteko; arbaso indiarrak dauzka Warrenek eta magnateak hainbat bider gutxietsi du horregatik. Asteon erantzun egin dio, ordea, Estatu Batuetako Indigenen Kongresu Nazionalaren bilkuran, hain justu: «Ados, Trump jauna, mintza gaitezen Pocahontasez, baina benetakoaz». Eta Pocahontas errealak, filmekoak ez bezala, 10 urte zituela kontatu zuen 30eko John Smithekin harremana hasi zuenean; egia omen dela neskatoa kolonoen eta natiboen arteko bitartekaritzan aritu zena, baina baita bahitu, kartzelatu eta bortxatu zutena ere. Halaxe iritsi zen Londresera John Rolfen eskutik eta piztiatxo singular bat bailitzan paseatu ei zuen hark, harik eta 21 urterekin hil zen arte.

Eta gu, hemen, genozidioari «aurkikuntza» esaten eta bideoaren mandoa mikrotzat hartuta Coloresen el viento kantatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.