Miren Amuriza.
BIRA

Buruketak

2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hona Txinako eskola batean, matematikako azterketan, 5. mailako umeei jarri zieten buruketa bat: itsasontzi batek 16 ardi eta 10 ahuntz badaramatza, zenbat urte izango ditu kapitainak?

«Gutxienez 18 urte eduki behar ditu, itsasontziak gidatzeko adinez nagusia izan beharra dagoelako», erantzun zuen ikasle batek. «36 urte dauzka, 26+10=36 delako eta animalia kopurua bere urte kopuruarekin bat etortzea gura zuelako», beste batek. «Ez dakit», idatzi zuen hirugarrenak.

Sare sozialetan hedapen handia izan du egunotan, eta agertu da galdera zentzu bakotzat jo duenik, baina baita originala eta eraginkorra iruditu zaionik ere. Ikastetxetik bertatik azaldu dutenez, umeek gabezia nabarmenak dituzte pentsamendu kritikoari dagokionez, batik bat matematiketan, eta horretarakoxe formulatu zuten buruketa hori: ikasleek kritikotasuna ez eze, sormena ere martxan jar zezaten. Entzun izan diot plastikako eskolak ematen dituen lagun bati, bertoko nerabeek ere zailtasunak edukitzen dituztena: behin, orri zuri batean marrazki abstraktu bat egiteko eskatu ei zien 12-13 urteko gaztetxoei eta blokeatu egin ei ziren gehienak.

Hortaz, ikasle batek matematikako lau ariketa, kimikako hiru, gramatikako bi eta historiako bat badaramatza etxerako, zenbat margo zorroztuko ditu arratsalde horretan? Zenbat aldiz egingo du pinoa? Zenbatetan esango du «ideia bat daukat»?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.