Miren Amuriza.
BIRA

«Popatik»

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Astelehen eguerdia udaletxeko atarian. Hantxe, atzo ere, pankartarekin hogei-hogeita bosten bat pentsiodun: egunkaria besapean-da bata, ogiarekin bestea; biloben bila joatekoa zena eta esku-orriak inprimatzetik zetorrena; ezkonduak eta ezkongabeak; makuluduna zein korrika egiteko arropaz jantzia; banatuak, alargunak... Hantxe denak zapatuan Gasteizen, Donostian, Bilbon eginiko manifestazio jendetsuei buruz berbetan, egunkaridunak Alacanten gertaturikoa aitatu zuenean.

Pentsiodun eta sindikalista talde bat udaletxera iritsi berri zen Mariano Rajoyri txistuka ari zen bitartean, presidentearen harrera komiteko kideetako batek ahapeka adierazitakoak grabatu zituen kazetari batek, hain justu, Carmen Martinez de Castrok (Estatuko Komunikazio idazkariak) irriz murmurikatutakoak: deseatzen ei zegoen protestan ari zirenei «popatik» keinua egin (beso bat ukabila itxita goratu eta beste eskuarekin besaurrea joz) eta «izorra zaitezte» esateko. Popularren gobernuaren (eta beroriek agintean sostengatzen dituztenen) politika ulertzeko, egiteko moduen sintesi ezin adierazgarriagoa Martinez de Castroren komentarioa; haserrearazi, jende asko haserraraziko zuena, hainbatean; harritu, inor gutxi.

Agintariak, zeharka bada ere, datozen asteotarako iragarritako mobilizazioen aldeko kanpaina egiten ari zaizkiela-eta baikor zegoela zioen egunkaridunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.