Miren Amuriza.
BIRA

Jokin Altunari

2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Edo bere ibilbidearen hastapenetan promesa efektua bizi izan duen edonori; zerbaitetan nabarmendu eta, goizetik gauera, afizionatu trebe bat gehiago izatetik, ahoz aho dabilen errebelazio izatera pasatu denari; adituek «freskurarekin» erlazionatu izan dutenari. Eupada bat eta aholkutxo bat hemendik: eduki itzazu, beti, txikle batzuk eskura (globo handiak egiten dituzten horietakoak).

Balizko porrota kudeatzea bezain nekeza (edo nekezagoa) baita balizko arrakasta ondo eroatea eta norbere autokontzeptua (artean guztiz definitzeke egon ohi dena) ez distortsionatzea. Bat-batean, mundua bitan banatu dela irudi dakioke promesari: bere aldekoak vs kontrakoak (epe motzegian efusibitate handiegiarekin aldekotasuna zein kontrakotasuna adierazteko gai direnekin, bi-biekin, kontuz). Zaharragoekin, adinkideekin, gazteagoekin, artean jaio barik daudenekin... Denekin eta etengabe konparatzen dutela begitandu dakioke eta, azkenean, bere Ametsa (singularrean eta letra larriz) betetzear dagoela, katuaren atepeko leihatilatik ihes egiteko tentazioa sartu.

Orduantxe atera behar lituzke txikleak: zalapartatik lekutu, globo handi bat egin eta, plost, muturrean leherrarazteko; bere esentziarekin (jokoan baino jolasean aritzen zen umearekin) konektatu eta pittin bat axolagabetzeko. Horretarako edo bola bat egin eta norbaiti, adibidez, jarlekuan itsasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.