Alderdiaren gainbehera eteteko, kargua utziko du PSCko buru Pere Navarrok

Inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu ditu alderdiak haren gidaritzapean.Barne desadostasunak zabaltzea leporatu die sektore kritikoko kideei

Pere Navarro, atzo, dimisioaren arrazoiak ematen. MARTA PEREZ / EFE.
Adrian Garcia.
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
«Aldaketa sakonak bultzatzeko». Arrazoi horregatik utziko du Pere Navarrok Sozialisten Alderdiaren zuzendaritza. Haren ustez, kargua uzteak lagundu egingo dio alderdiari aldaketa horiek egiten. Krisi betean da PSC. Kataluniaren burujabetza prozesuak zatitu ditu sozialistak, eta hauteskunde emaitzei eragin dio: maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu zituen alderdiak, bozen %14. Emaitza horien ondotik eman du dimisioa Navarrok. Alderdiko kide kritikoentzat ere hitzak izan ditu Navarrok. Barne desadostasunak «etengabe» jendaurrean zabaltzea leporatu die.

Etzi dimitituko du ofizialki, alderdiaren batzar nazionalean. Orduan erabakiko dute ezohiko batzarrera deituko duten zuzendaria aukeratzeko. Beste aukera da behin-behineko kudeaketa taldea ezartzea urteroko kongresua egin arte. Zuzendaritza talde berria osatzean haiekin bilduko da Navarro, Kataluniako Legebiltzarreko taldeko buruzagitza utziko duen eztabaidatzeko. «Proiektu sozialistarentzat eta Kataluniarentzat baliagarria izango naizen tokian egon nahi dut».

Prozesu subiranistaren eztabaidan PSOEren ildo ofizialaren alde egin du Navarrok, eta alderdia erabakitzeko eskubidearen aurkako blokean lerratu da, PPrekin eta Ciutadansekin batera. Ia hiru urteko zuzendaritzarenkudeaketa defendatu du, eta auzi politikoaren konponbiderako «Espainiako Konstituzioaren erreforma federala» lehenetsi.

Alderdiaren tradizio katalanistari traizio egitea leporatu dio sozialisten sektore kritikoak, eta arrakala ugari sortu dira alderdian. «Demokratikoki eztabaida sutsuetan» hartutako erabakiak «urratu» dituzte sektore kritikoek, Navarroren hitzetan. Halere, baztertu egin du dimisioa arrazoi horregatik eman izana. Talde parlamentario plurala egitea izan da haren nahietako bat. «Helburu horri indar handiagoz eutsi behar geniokeen agian».

Tirabirak kide kritikoekin

Urtarrilean, Avancem adarreko Joan Ignasi Elena, Marina Geli eta Nuria Ventura legebiltzarkideek alderdiaren diziplina hautsi zuten burujabetza kontsultaren inguruko bozketa batean. Ordutik ordezkaritza kargu guztietatik baztertu dituzte, legebiltzarrean eserlekua aldatzera behartu eta ekinbideak proposatzea galarazi diete. Zuzendaritzak atzera egin, eta herenegun ekinbideak proposatzeko ahalmena berreskuratu zuten. «Beharrezkotzat» jo dute hiru legebiltzarkideek Navarroren dimisioa. Alderdia «eraberritzeko» eta erabakitzeko eskubidearen inguruko «norabidea aldatzeko» aukeratzat dute.

Terrassa jaioterrian hasi zuen ibilbide politikoa Navarrok. Udal bozetarako kanpainaren arduradun izan zen, eta handik lau urtera zinegotzi hautatu zuten, 1987an. Ia hamar uztez izan zen Terrassako alkate, harik eta 2012ko azaroan kargua utzi arte PSC zuzentzeko hautagai gisa aurkezteko.

Alderdiaren buruzagitza hartua zuenean hasia zen Kataluniako Sozialisten Alderdiaren gainbehera. 2011ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetako emaitza kaskarrak iraultzeko asmoz hartu zuen PSCko gidaritza. 2012ko Kataluniako hauteskundeetan alderdiko hautagaia izan zen, baina emaitzak hobetu ez eze, are gehiago hondoratu zen alderdia. 2010eko hauteskundeetan baino lau puntu gutxiago erdietsi zituen Navarrok, %18,4, eta zortzi eserleku galdu; PSCk Kataluniako hauteskundeetan inoiz izandako emaitzarik txarrenak.

Maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan beste marka ezkorra hautsi zuen alderdiak: bozen %14 lortu zituen, ERC eta CIU alderdien atzetik. 2009ko bozetan gehien bozkatutako alderdia izan zen, bozen %36 jasota. Porrotaren ostean, Navarrok «hausnarketa sakona» iragarri zuen. Hartu du erabakia: «Onena zuzendaritza uztea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.